Toptoparekin erosketak orain dendan ere jaso ditzakezu

BABESTUTAKO EDUKIA 2021ko urt. 18a, 08:53

Nafarroako top produktuak online saltzeko Toptopa plataforma sortu zutenetik hilabete batera, zerbitzua zabaltzen segitzen dute. Orain erosketak dendan jasotzeko aukera ere badute bezeroek, bidalketa gastuak ordaindu gabe.

Elizondoko zortzi, Iruritako bat, Doneztebeko zortzi, Berako hamar, Lesakako zazpi, Leitzako hiru, Altsasuko hamar, Etxarri-Aranazko bi eta Arrotxapeako hiru denda dira online salmentarako plataforman, 52 guztira. Erosketak online egiteko aukera ematen diete bezeroei, eta behin erosketak eginda, bezeroek etxean jaso ditzakete erosketak, dendako 5,78 euroko bidalketa gastuak ordainduta. Ez hori bakarrik. Orain erosketak dendan ere jaso ditzakete, inolako bidalketa gasturik ordaindu gabe.

Bestalde, aipatu behar da, joan den asteaz geroztik merkealdian daudela Toptopako hainbat dendatan. Gure dendetan, tokikoak ditugun horietan, norberari hobekien heldu zaion moduan erosketak egin eta gainera deskontuak probesteko aukera bikaina izan daiteke!