Pilota

Elezkanok eta Zabaletak lidergoa dute jokoan gaur Azpeitian

Guaixe 2021ko urt. 18a, 09:54
Elezkano eta Zabaleta Binakako faboritoen artean daude eta gaur lidergoa dute jokoan Altunaren eta Mariezkurrenaren kontra. Argazkia: Aspe eta Mikel Askasibar.

Altuna eta Mariezkurrena izanen dituzte aurkari (22:30, ETB1)

Elezkanok eta Zabaletak Altuna eta Mariezkurrena izanen dituzte aurkari gaur Azpeitian (22:30, ETB1), Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 3. jardunaldia ixten duen partidan. Lider diren bi bikoen arteko partida izango da, orain arteko bi biko onenen arteko partida, oilarren artekoa. Beraz, puntu bat baino gehiago dago jokoan, lidergoa lortzea, eta ikusmina handia da. 

Jakak eta Martijak ederki sufritu behar izan zuten Ezkurdia eta Galarzari irabazteko
Partida gogorra eta lehiatua izan zen atzo Ezkurdia-Galarzak eta Jaka-Martijak pilotaren katedralean eskaini zutena. Bi bikoek markagailua mustu gabe zuten, eta jokoan zegoen puntu preziatua lortzea izan zen euren helburua. 

Jaka eta Martija ziren faborito, Ezkurdiak eta Ladis Galarzak lehendabiziko bi jardunaldietan egindako partidak ez baitziren onak izan. Hala ere, oso estu hasi zen lehia, eta hasieran parean ibili ziren bi bikoak –4 eta 4, 7 eta 7–. Baina hortik aurrera Erik Jakak eta Julen Martijak aurrea ateratzea lortu zuten, 17 eta 10 eta 21 eta 16 jarri baitziren aurretik. Ladisek ez zion konfiantza gehiegirik eman Ezkurdiari, arbizuarra presaka antzean aritu zen eta errenta polita lortu zuten tarte horretan sendo ibili ziren Jakak eta Martijak. Garaipena gorrien alde joango zela zirudien, baina Ezkurdiak eta Ladis Galarzak ez zuten amorerik eman, eta hortzak estututa gutxika gutxika tantoak egiten hasi eta 21era berdintzea lortu zuten, inork gutxik espero ez zuena. Behetik gora egin zuen Ladis Galarzak, eroso aritu zen eta agintzen hasi zen, eta Ezkurdiak aukera gehiago izan zituen aurrean.  Jakaren eta Martijaren une okerrenak ikusi ziren orduan; partida bereziki aurrean jokatu zen eta puntuak ihes egin ahal ziela sentitzen hasi ziren. Oso tanto gogorrak jokatu ziren –guztira 604 tanto gurutzatu ziren partidan–, eta 21era berdinduta, guztia azken tantoak erabaki zuen. Ezkurdiak Jakaren gantxo maltzur bat erantzutea lortu zuen, baina Ladis Galarzak Jakak ezker paretara egindako dejadara ezin izan zuen behar bezala iritsi. 22 eta 21 gailendu ziren Jaka eta Martija, uste baino askoz ere gehiago sufrituta. 

Ezkurdiak eta Galarzak galdu egin zuten, hirugarren porrota jarraian; une batez gertu ikusi zuten garaipena, baina ibaiertzera heltzear zeudela ito egin ziren. Hala ere, eta nahiz eta partidan gorabeherak izan, aurreko bi jardunaldietan baino askoz hobe aritu ziren, eta eurendako esperantza badago.