Pilota

Elezkano eta Zabaletak Binakako lidergoa lortu dute

Guaixe 2021ko urt. 19a, 10:00

Bart Altunari eta Mariezkurrenari 22 eta 15 irabazi zieten. Mariezkurrenak ongi eutsi zion Etxarrengo atzelariari, baina Altunak ez zuen egun ona izan eta garaipen garrantzitsua lortu zuten Elezkanok eta Zabaletak

Binakako Txapelketako aurkezpenean bertan ikusi zen Elezkano-Zabaleta eta Altuna-Mariezkurrena bikote faboritoen artean zeudela eta txapelketako 3 jardunaldi jokatuta aurreikuspenak bete dira. Atzo ligaxkako lidergoa zegoen jokoan Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan eta arerio zuzenen arteko lehia espero zen, partida handia. 

Atzokoa, atzeko koadroetako lehia izan zen aurretakoetakoa baino. Jose Javier Zabaleta sasoi betean dago. Egungo atzelari onenen artean dagoela, ez bada onena, erakusten ari da behin eta berriz. Eta atzo ere hala izan zen. Nolanahi ere, aipatzekoa da Mariezkurrenak ongi eutsi ziela Etxarrengo jotzailearen erasoei. Partida hasieratik eskua astintzen hasi ziren bi atzelariak eta aurrelariei partidan sartzea kosta egin zitzaien. Eta aurrelariak lanean sartu ziren tarte eskasetan, Elezkano Altuna baino hobe aritu zen. Amezketakoa hotz zegoen, partidan ezin sartu. Horrela, 9 eta 2 egin zuten ihes Elezkanok eta Zabaletak. Partida oso gogorra izan zen, tanto luze eta gogorrekin. 

Jokin Altunak ez zuen erremateetan asmatu, eta Elezkanok hobeto aprobetxatu zituen bere aukerak. Hala ere, Altuna behin eta berriz saiatu zen, eta Zabaleta bere erritmotik ateratzen saiatu zen, baina Elezkano eta Zabaleta sendo aritu ziren eta, azkenean, Altunak eta Mariezkurrenak ezin izan zioten partidari buelta eman eta 22 eta 15 galtzeaz gain, lidergoari eusteko aukera galdu zuten. Atzelarien borrokan zenbakiek erakusten dute Zabaleta izan zela hobea, baina Berriozarkoak notarekin gainditu zuen atzeko testa. Partida bukaeran Zabaletak aitortu zuen kantxan gogoz disfrutatu zuela. Partidak iraun zituen 74 minututan guztira 729 pilotakada gurutzatu ziren, partidaren gogortasunaren isla. 

Sailkapena
Elezkano eta Zabaleta dira orain Binakako hasierako ligaxkako lider berriak. 3 puntu dituzte, Olaizola eta Rezusta bezala, baina tanto averagean edo tantoen aldean aurretik doaz. Altuna III.a-Mariezkurrena dira hirugarrenak eta Peña II.a-Albisu laugarrenak, bi bikoak bina punturekin. Jaka-Martijak eta Urrutikoetxea-Imazek puntu bana dute eta Artola-Arangurenek eta Ezkurdia-Ladis Galarzak ixten dute sailkapena, punturik gabe. 

Datorrena
Asteburuan Binakako hasierako ligaxkako 4. jardunaldia jokatuko da. Jakak eta Martijak Urrutikoetxea eta Imaz izanen dituzte aurkari ostiralean Zumaian (22:15, ETB1), eta Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Peña II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute larunbatean Tolosan (17:15, ETB1). Olaizola II.a-Rezustaren kontra ariko dira Altuna III.a-Mariezkurrena II.a igandean Bilbon (17:00, ETB1) eta Elezkano II.a eta Zabaletak Artola ordezkatuko duen Bengoetxea VI.a eta Aranguren izango dituzte aurkari datorren astelehenean Gernikan (22:30, ETB1).