Txirrindularitza

Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak 2021 denboraldiko aurkezpena egin zuen atzo Altean

Guaixe 2021ko urt. 19a, 11:00

Atzoko aurkezpeneko talde argazkia. Josu Etxeberria goiko ilaran dago, erdian.

Xabier Murielek 20 txirrindulari ditu bere esanetara, tartean talde afizionatuetatik profesionalera salto egin duen Iosu Etxeberria iturmendiarra

Josu Etxeberria Azpilikueta iturmendiarrak 2021ean debutatuko du profesionaletan UCI Pro Team mailako Rural Kutxa-Seguros RGA taldearekin. Taldeak atzo egin zuen aurkezpena Altean, bertan baitago kontzentratuta hastear dagoen denboraldi berria prestatzen. Guerciotti bizikleta berriak puntuan jarri eta ULEVEL maillot berriak mustutzeaz aparte, entrenamendu saio indartsuak eta denboraldiko egutegia zehaztuko dute egunotan. 

Xabier Muriel da taldeko zuzendaria, bigarren urtez jarraian. “Aurreko urteko blokearen alde eta afizionatuen mailatik igo diren eta talentutzat jotzen ditugun hiru txirrindularien aldeko apustua egin dugu” azaldu zuen Murielek. Rural Kutxa afizionatuen taldetik bi txirrindulari igo dira Jokin Murgialdai eta Josu Etxeberria iturmendiarra, eta Cafes Baque taldetik Jon Barrenetxea. Julen Amezketa, Jon Aberasturi, Orluis Aular, Aritz Bagües, Juan Fernando Calle, Jefferson Cepeda, Alvaro Cuadros, Jhojan Garcia, David Gonzalez, Jon Irisarri, Jonathan Lastra, Oier Lazkano, Sergio Martin, Joel Nicolau, Alejandro Osorio, Hector Saez eta Carmelo Urbano txirrindulariek osatzen dute taldea. 

Plantillako 20 txirrindularietatik 13 Rural Kutxa afizionatuen taldetik pasakoak dira, eta tropelean soilik bi nafar daude, Julen Amezketa eta Josu Etxeberria. Txirrindulari guztiek nabarmendu zuten denboraldia hasteko “oso gogotsu” daudela. Juan Manuel Hernandez managerrak nabarmendu zuen “horrenbeste urtetan harrobiarekin lan egitea harro egotekoa da. Beti bide horretatik jarraituko dugu; hori da gure filosofia eta, horrela, txirrindulari gazteenei aukerak ematen jarraituko dugu”. Halaber, nabarmendu zuen Rural Kutxak 30 urte daramatzala txirrindularitzagatik apustua egiten eta Seguros RGA taldearekin elkarlanean 10 urte beteko dituztela. 

Xabier Muriel zuzendariak nabarmendu zuenez, aurreko urtean bide ona egin zuten, eta aurten bide horretan jarraitzeko asmoa dute. “Egutegia zabaldu nahi dugu, txirrindulari guztiek euren aukerak izan ditzaten. Lasterketak atzeratzen ari dira eta ezjakintasun uneak bizi ditugu, baina igandean hasiko gara Valentzian, Classica Comunitat Valencianan”.