Elurra

Elur erraketen oinarrizko ikastaroa antolatu du Mank-ek ilbeltzaren 31n

Guaixe 2021ko urt. 19a, 13:00

Bi saio izango dira. Goizeko 9:00etatik 13:00etara bata, eta 14:00etatik 18:00etara bestea. Izena ematea zabalik dago Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan 

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Eduka Natura eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin gure mendi elurtuetan ibiltzeko elur erraketen oinarrizko ikastaroa antolatu du 12 urtetik gorakoendako. Jakina denez, elur erraketek elur gainean hondoratu gabe ibiltzeko aukera ematen dute eta elurra egiten duenean ibilbideak egiteko aukera paregabea eskaintzen dute. Ikastaroa ilbeltzaren 31n izanen da, jarduerak 4 ordu iraunen ditu eta bi txanda izanen dira: goizeko 9:00etatik 13:00etara lehena, eta 14:00etatik 18:00etara bestea. Jardueran elur erraketekin nola ibili, nola aurrera egin eta mendian nola igo eta jaitsi azalduko da. Jakina, segurtasun neurriak hartuko dira. 

Leku mugatuak daudenez (gutxienez 6 eta gehienez 12), lehenbailehen izena ematea komeni da Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa 15 eurokoa da (15-25 urte bitartekoek eta 65 urtetik gorakoek 10 euro). Jardueran sartzen dira ibilbide gidatua, mendiko gidari tituludunen eskutik, elur erraketak eta ibiltzeko makilak, elur erraketekin aritzeko teknikei buruzko sarrera ikastaroa, botikina, eta jardueran parte hartzen dutenendako asegurua. Bere aldetik, izena ematen dutenek Goretex-dun mendiko botak edo mintz iragazgaitza duten botak eraman beharko dituzte, jarduerarako arropa egokia, elurretako eskularruak eta txanoa, eguzkitarako betaurrekoak eta krema eta ezpain-babeslea, ura eta hamaiketakoa. 

Ikastaroa baino zenbait egun lehenago elurraren kalitatea nolakoa den baloratuko dute teknikariek eta kalitatea ez bada aproposa ekimena bertan behera geratuko da.