Kiroldegia

Nafarroako Gobernuak 34. Nafar Kirol Jokoak deitu ditu gaur

Guaixe 2021ko urt. 19a, 12:30

2019ko Nafarroako Herri Kirol Jokoak.

Kirol modalitate eta kategoria bakoitzaren hasiera data kirol jarduera arautzen duten arauek eta pandemiaren bilakaerak baldintzatuko dute

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirol Institutuaren bitartez, gaur, ilbeltzaren 19an argitaratu du 2020/2021 ikasturterako Nafarroako Kirol Jokoen arauketa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Pandemiak baldintzatutako edizioa izanen da, eta kirol modalitate eta kategoria bakoitzaren hasiera data kirol jarduera arautzen duten arauek eta pandemiaren bilakaerak baldintzatuko dute. Jakina, beharrezko osasun neurriak hartu beharko dira kirola modu seguruan egin ahal izateko. Horretarako Nafarroako kirol federazioek Nafarroako Kirolaren Institutuko protokolo orokorra euren modalitateetara egokitu eta osatu beharko dute, kirol bakoitzari egokitutako osasun protokolo bat egiteko. 

Nafar Kirol Jokoen baitan gazteen eta kategoria txikikoen kirola arautzen da. Aurten 34. edizioa izanen da eta 2003 eta 2009 urteen artean jaiotako eskola adineko neska-mutilei zuzenduta daude. 37 kirol federazioek hartuko dute parte eta 72 kirol modalitate ezberdin jokatuko dira. 
Pandemia dela eta, lehenik eta behin adin nagusienen txapelketak hastea aurreikusten da, eta adin txikienen lehiaketa atzeratzea. 

Publikorik gabe eta osasun segurtasun arau sendoekin
Pandemia dela eta, aurreko edizioekin alderatuta aldaketak izango dira. Txapelketak publikorik gabe jokatuko dira; soilik kirolariak eta teknikariak bertaratuko dira partidetara. Jakina, guztiek maskara jantzia izan beharko dute, beroketan ere; bakarrik partidak jokatzen direnean kendu ahal izango dituzte. 

Kirol instalazioetan eta inguruetan kirolarien pilaketa ekiditeko, lehiaketen joko denbora laburtuko da, eta atsedenaldietan eta ordutegietan moldaketak egingo dira, partida ezberdinen artean instalazioak behar bezala ustu eta garbitzeko. Bestetik, ahal den heinean txapelketak aire librean jokatuko dira. Txapelketak ligetan jokatzen badira, joan eta etorriko partidak asteburu jarraituetan jokatzea proposatzen da, COVID-19 kutsatzeek lehiaketan eragin gutxiago izan dezaten. Jakina, Nafar Kirol Jokoetan parte hartze duten neska-mutikoen datuak jaso beharko dira, balizko kutsatzeen kasuan jarraipena egin ahal izateko. Halaber, ezingo dira dutxak erabili. Norbaitek COVID zantzuak edo sintomak baditu, isolatzeko gelan egon beharko du. 

Kirolariren batek positibo ematen badu, lehenbailehen horren berri eman eta antolatzaileek, familiek eta klubek indarrean dagoen protokoloa jarri beharko dute indarrean. 

Bestalde, Nafar Kirol Jolasetan parte hartuko duten klub bakoitzak COVID-19 arduradun bat izan beharko du, klub bakoitzean osasun segurtasun protokoloa betetzen dela ziurtatu eta behar izanez gero, Nafarroako Kirol Institutuarekin gai honen inguruko koordinazioa egingo duena.