Pandemiari aurre egiteko neurri berriak iragarri berri dituzte Javier Remirez presidenteordeak, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak. Jakinarazi dutenez, larunbatetik aurrera taberna berezi, kafe ikuskizun, taberna, kafetegia eta jatetxeen barruko aldean ezin izanen da kontsumitu, bai, ordea, terrazetan. Haietan %100eko edukiera onartu dute.
Itxitera horretatik kanpo utzi dituzte hoteletako jantokiak eta bestelako ostatuak. Horietan bakar bakarrik establezimenduan ostatu hartzen duten pertsonei zerbitzatu ahal izanen dizkiete otorduak, betiere osasun neurriak betetzen badira eta mahai bakoitzean gehienez 6 pertsona badaude. Kanpoan geratzen dira ere osasun zentroen, zentro soziosanitarioen, eskola eta unibertsitate jantokien, enpresa jantokien eta izaera sozialeko jantoki zerbitzuak.
Salbuespen gisa, establezimenduen barrualdeak irekitzeko baimena jaso dezakete bidaiariak nahiz salgaiak garraiatzeko lanak egiten dituzten langileak hartzen dituzten establezimenduek, eta horiek zerbitzugune edo errepide batean badaude (hirigunetik kanpo eta Nafarroako errepide nagusietan), bost trailer kamioi baino gehiagorentzako aparkalekua badute eta bazkari edo afari zerbitzuak ematen badituzte.
Gainera, eremu pribatuko bilerak bizikidetza unitate bakar batera murriztu dituzte.
Ostalaritzarendako laguntzak
Nafarroako Gobernuak ostalaritzako establezimenduen barnealdea ixteko jakinarazpenarekin batera, sektore horri 10 milioi eurorainoko laguntza pakete berri bat eman diola iragarri du. “Pandemiaren eraginak gehien erasandako sektoreetako bati laguntzen jarraitzeko asmoz eratu da ekimen hau, eta bat egiten du orain arte ekonomia eta zerga arloan hartutako neurriekin. Jarduera horiek atzerapenak eta zerga pizgarriak abian jartzetik hasi eta 20 milioi eurorainoko diru laguntzen deialdira arte doaz. Deialdi hori abenduan gauzatu zen, eta ostalaritzako lokalek fakturazioa gutxienez % 20 jaitsi zela egiaztatu zuten”.
Prentsaurrekoan, Elma Saizek aurreratu du laster iragarriko dituztela baldintzak eta ezaugarriak. Deialdia otsailean argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.