Txirrindularitza

Movistar Team taldeak atzo despeditu zuen Cabo de Gatan egindako kontzentrazioa

Guaixe 2021ko urt. 21a, 12:20

Ilbeltzaren 9tik 20ra arte Almerian kontzentratuta egon dira Movistar Team taldeko gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak. Hiriberriko Imanol Erbitik profesional mailako bere 16. denboraldiari ekin dio “ilusioa biziberrituta”. Movistar Team-ek gaur denboraldiaren aurkezpena egingo du, modu telematikoan, 21:00etan Movistarren #Vamos saioan eta Youtuben

Movistar Team taldeak 12 eguneko kontzentrazioa egin du Cabo de Gatan. Ilbeltzaren 9tik 20ra arte Almerian ibili dira talde nafarreko emakumezkoen eta gizonezkoen taldeak, bertako eguraldi epelagoan entrenamendu saio luzeagoak egin eta denboraldi berria prestatzen. Bertan egon dira Jose Luis Arrieta kirol teknikaria eta Imanol Erbiti Hiriberriko txirrindularia. Aurtengo fitxaketa garrantzitsuenak, Miguel Angel “Superman” Lopezek, ezin izan du Almerian egon, COVID-19 gaitzan positiboa eman zuelako. 

Egun hauetan maillot eta jantzi berriak jaso dituzte Movistar Team taldeko txirrindulariek. Le Coq Sportif etxe frantziarreko jantziak izango dituzte. Horretaz gain, txirrindulari bakoitzaren egutegia errepasatu eta, bereziki, kilometroak egin eta taldekako erlojupekoak eta antzekoak prestatzeko probestuko dute. 

Imanol Erbiti txirrindulari beteranok 37 urte ditu eta txirrindulari profesional gisa bere 16. denboraldiari ekin dio, guztiak talde berean. Hiriberrikoak aitortu duenez betiko ilusioarekin ekin dio denboraldiari. “Gazte askorekin aritzen naizenez, euren ilusioa kutsatzen zaizu. Ilusioa urtero berritzen zaigu eta hori oso polita da”. Tropelean oso ezaguna eta baloratua den talde gizona da, liderrek ondoan izan nahi duten laguntzaile fina. Azaldu duenez “aurtengoa aurrekoa baina urte normalagoa izatea nahiko nuke. Dudan mailari eutsi nahi nioke eta garrantzitsuena dena, bizikleta gainean gozatu nahiko nuke”. Erbitik gaineratu du pandemia dela eta egutegian azken orduko aldaketa asko egiten ari direla. “Galtzadarren Klasikoetara maila onean iristen saiatuko naiz, Tourrera topera eta gero Vueltara, edo dena delakora”.

Aurkezpen telematikoa gaur, 21:00etan
Movistar Team taldeak gaur eginen du 2021 denboraldiko aurkezpena, modu telematikoan. Movistar telebistako #Vamos saioan eta Youtuben jarraitu ahalko da aurkezpena, 21:00etan.