Nafarroak eta Arabak akordio bat sinatuko dute bidaiarien errepideko garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko

Guaixe 2021ko urt. 20a, 14:36
Bidaiariak autobus barruan. Artxiboa.

Iruñetik Gasteizera doan ibilbidea modu esklusiboan kudeatzeko aukera emango dio Foru Komunitateari.

Nafarroako Gobernuak eta Arabako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmen bat sinatuko dute bi administrazioek beren lurraldeko herrien arteko barne-ibilbideei erantzun ahal izateko, eraginkortasunagatik eta zerbitzu eskaintza hobea eskaintzeko. Horretarako, Foru Gobernuak hitzarmen horren testua onetsi du gaurko bilkuran.

Orain arte, Nafarroa eta Araba arteko bidaiarien errepide bidezko garraio publiko erregularreko emakida bakoitzaren kudeaketa ibilbidearen zatirik handiena igarotzen den lurraldeko administrazioak duela esleituta. Esate baterako, hori gertatzen da Iruñea eta Gasteiz arteko emakidetan, Nafarroaren kasuan; eta Bilbo-Gasteiz-Iruña eta Araba Erdialdeko emakidei dagokienean, Arabako Foru Aldundiaren kasuan. Nafarroak kudeatutako emakida batzuetan, Arabako lurralde historikoko herrien arteko barne-trafikoak sartzen dira.

Hitzarmena aurki sinatuko dute Nafarroako Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Cirizak eta Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko foru diputatua den Mª Blanca de la Peñak. Horrela, hitzarmenaren bitartez, administrazio bakoitzak planifikatu eta hobetu ahal izango du bidaiarien errepide bidezko garraio publiko erregularraren zerbitzua, bertako bizilagunen mugikortasun-premiak kontuan hartuta.

Gutxi barru sinatuko den akordioari esker, Nafarroak honako herri hauen arteko bidaiarien igarobidea kudeatu ahal izango du: Iruña eta Irurtzun, Uharte-Arakil, Lakuntza, Etxarri-Aranatz, Urdiain, Altsasu eta Olazti artekoa, bi noranzkoetan; eta herri horien eta Gasteiz hiriaren artekoa. Modu berean, Iruña eta Gasteiz arteko ibilbidea kudeatzeko ardura izango du (egun, Arabak nahiz Nafarroak egiten dituzte kudeaketa-lanak).

Halaber, Arabako Foru Aldundiari egokituko zaio Agurain eta Gasteiz arteko bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren zerbitzua kudeatzea, bi noranzkoetan; zerbitzu hori orain arte Nafarroak artatzen du Iruña-Gasteiz emakidaren bitartez.

Hitzarmena indarrean sartuko da Nafarroak kudeatutako Iruña-Gasteiz emakiden berrikuntza edo Arabako Foru Aldundiak kudeatutako Bilbo-Gasteiz-Iruña emakida berritzen amaitzen denean.