Pilota

Zabaleta, Binakako protagonista eta zaletuak liluratzen duen liderra

Guaixe 2021ko urt. 22a, 13:30
Zabaleta, Nafarroa Arenan. Artxiboa

Atzelari etxarrendarra egungo atzelari onena dela eta ikusgarri dabilela ez du inork zalantzan jartzen. Martijak eskuko mina du eta Bikuñak hartuko du bere lekua eta Ezkurdiak txapelketako lehen puntua lortu nahi du

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako 4. jardunaldia jokatuko da asteburuan, eta egoera oso desberdinean daude gure pilotariak: Zabaleta gorenean, Ezkurdia sailkapeneko azken tokian eta Martija eskuko minez. 

Zabaletaren hamarra
Jose Javier Zabaleta txapelketako liderra da Danel Elezkanorekin batera. Sendotasun ikaragarria erakutsi dute jokatutako hiru partidetan. Zabaletaz zer esan; Etxarrengo atzelariarendako denak dira hitz ederrak. Izan ere, ikusgarri dabil, astero bere bertsiorik onena erakusten. Atzeko koadroetan nagusi, sekulako jotzea du, kantxa asko estaltzen du eta egungo atzelaririk onena dela argi dago. Astelehenean Altuna eta Mariezkurrena izan zituzten aurkari, eta nahiz eta Berriozarko atzelaria oso ongi aritu, etxarrendarra gailendu zitzaion partida gogorrean. 729 pilotakada jo ziren guztira eta 200dik gora Zabaletak egin zituen. Liluratuta utzi zituen zaleak. Partida bukaeran, asko disfrutatu zuela aitortu zuen Zabaletak, eta arraroa da, normalean etxarrendarra ez baita bere buruarekin konforme egoten. “Disfrutatu dut, gutxitan izaten dira halako partidak, horrenbeste disfrutatzekoak, eta egia esan egindako partidarekin oso pozik nago eta lortutako puntuarekin oso pozik baita ere”. Astelehenean liderrek Artola ordezkatuko duen Bengoetxea VI.a eta Aranguren izango dituzte aurkari Gernikan (22:30, ETB1). 

Ezkurdia lehen puntua lortu nahian
Zoritxarrez, beste aldean dago Joseba Ezkurdia. Arbizuarrak eta Ladis Galarzak jokatutako 3 jardunaldiak galdu egin dituzte eta sailkapenean azkenak dira. Nolanahi ere, igandean hobe aritu zen bikoa eta Jakari eta Martijari irabaztear egon ziren. Jaka eta Martija 21 eta 16 jarri ziren aurretik, baina partidari buelta eman eta 21era berdintzea lortu zuten Ezkurdiak eta Ladisek. Azken tantoa Jakaren eta Martijaren aldera erori zen, baina Ezkurdiarendako eta Ladis Galarzarendako esperantza badago, aurreko bi jardunaldietan baino askoz hobe aritu baitziren. Larunbatean konfinatuta dagoen Peña II.aren tokia hartuko duen Zubizarreta III.a eta Albisu izanen dituzte aurkari, Tolosan (17:15, ETB1). Asteazkenean egin zuten material aukeraketa eta materialarekin pozik azaldu ziren lau pilotariak. Arbizuko aurrelariak azaldu zuenez “lan egiten jarraitu beharra dugu, eta azkenean emaitzak iritsiko dira”. Halaber, tanto guztietan lan egin beharko dutela gaineratu zuen, “eta batez ere gure erritmoa ezarri”. 

Martijaren eskuin eskua minduta
Julen Martijak ez du aste honetan jokatuko, eskuineko eskua minduta duelako. Bere tokia Bikuñak hartuko du. Esan bezala, Jakak eta Martijak ederki sufritu eta gero lortu zuten txapelketako euren lehendabiziko puntua, Ezkurdiari eta Ladis Galarzari 22 eta 21 irabazi eta gero, eta badirudi Martijaren eskuak ez zuela behar bezala eutsi. Etxeberriko atzelariak nahiago izan du mindutako eskuari egun batzuetan atsedena ematea. Horrela, ostiralean Jakak eta Martija ordezkatuko duen Bikuñak Urrutikoetxea eta Imaz izanen dituzte aurkari Zumaian (22:15, ETB1). 

Binakako 4. jardunaldiko igandeko partidan, Olaizola II.ak eta Rezustak Altuna III.a eta Mariezkurrena izanen dituzte aurkari igandean Bilbon (17:00, ETB1).