Koronabirusa Sakanan

COVID-19aren kontrako txertaketa hasi da gurean

Guaixe 2021ko urt. 27a, 13:29

Txertoa duen xiringa ezizainaren eskuan eta jendea ilaran zain.

Nafarroako Mendekotasun Agentziak mendekotasun handia dutela aitortu dien eta beraien etxeetan bizi diren pertsonek, haien senideek, Etxez etxeko Arreta Zerbitzuko langileaek eta osasun arloko langileek jaso dute txertoa.

Osasunbidea adinekoen egoitzetan dauden pertsonei hasi zitzaien COVID-19 gaitzaren kontrako txertoa jartzen. Gaitzaren kontrako txertaketan pauso berria eman zuen hilaren 15ean. Txertaketa fase berri hori Etxarri Aranazko liburutegian eta Altsasuko Burunda frontoian hasi zen. Aurrenekoan 80 bat txerto jarri zituzten eta atzenekoan, berriz, 115 (tartean Josefina Arregi klinikako langileak). Irurtzungo osasun eskualdearen txanda hilaren 18an izan zen eta 130 pertsona txertatu zituzten. Beraien kabuz txertaketa tokira joaterik ez zuten pertsonak batetik bestera eramaten ibili ziren Nafarroako DYAko kideak. Eta mendekotasun oso handia zutenen kasuan txertaketa taldeko erizainak etxeetara joan ziren. 

Prozedura
Gonzalo Montoya altsasuarra Nafarroako Gobernuko ospitalez kanpoko larrialdietako zerbitzuko osasun-larrialdietako teknikaria da. Foru administrazioak hedatzen dituen COVID-19aren kontrako txertaketa ekipoetako kidea. Lantalde horiek bera bezalako larrialdietako teknikari batez, administratzaile batez eta bi erizainez osatuta daude. 07:30ean guztia prestatu ondoren Refenatik dagokien Nafarroako herrira abiatzen dira. Haiei, osasun etxeetako erizain bat batzen zaie herrian, boskotea osatzeko. 

Cristina Villanuevak, Lehen Arretako zuzendaritza-ordetzako asistentzia zaintza eta etxeko arretaren ataleko buruak, azaldu zuenez, “08:00etarako herrian gaude. Dagokion tokian sarrera eta irteerako zirkuitua egin behar da. Osasun tarteak mantentzeko neurriak jarri behar dira. Txertaketa guneez aparte, behaketa toki bat ere prestatzen dugu”. 

Osasun etxeetatik aurreko egunetan txertaketarako hitzorduak emateko deika ibili ziren. Villanuevak txertaketaren dinamika horrela laburbildu du: “Lehenik, txertatzera etorri den pertsonaren balorazioa egiten dugu. Zein botika hartzen duten galdetzen zaie, eta txertoarekiko inolako kontraindikaziorik ez izatea baloratu behar da”. Pertsonaren osasun historia guztiz errebisatu ondoren, txertaketaren ondoren kontuan izan beharrekoaren berri ematen zaio jendeari. Ondoren, txertaketa gunera pasako da. 18 urtez azpikoak eta haurdun daudenak etxera bidaliko dituzte bueltan. 

Ziztada
Villanuevak aitortu duenez, “txertoaren ziztadaren atzean lan handia dago”. Txertoak jartzeko prestakuntza berezia berezia behar da. Nafarroan txertoak jartzeko 200 bat profesional trebatuta daude, “baina prestakuntza saio gehiago aurreikusi dira”, gaztigatu du Villanuevak. Haietako bat da Irantzu Zeberio Mazkiaran, Altsasuko osasun etxeko erizaina. Ostiralean txertaketa taldearekin bat egin zuen eta bezperan ikasitakoa praktikan jarri zuen. 

Villanuevak aitortu du txertoaren logistika “zaila” dela, “zero azpitik 80 gradutara kontserbatu behar delako ultra izozkailu batean. Handik ateraz gero 2 eta 8 gradu arteko tenperaturan bost egun besterik ez du irauten. Etengabe zaindu behar da eta hotz-katearen kontrol zorrotza eskatzen du. Bai honekin bai beste txerto batzuekin. Baina hau bereziki zaila da”. Zailtasun gehiago gaineratu ditu Villanuevak: “txertoa dagoen ontzia ezin da astindu, eta behin prestatuta dagoela ezin da garraiatu”. 

Zeberiok Villanuevarekin bat egin du: “ez da besteak bezalako txertoa”. Erizain altsasuarrak azaldu duenez, “txertoaren ontzi bakoitzetik bost dosi ateratzen ditugu, banaka prestatu behar da eta denbora kostatzen da”. Txertoaren potetxoan 1,8 mililitro serum fisiologiko sartu behar dute lehenik. Eta behin disoluzioa eginda, xiringan nahasturaren 0,3 mililitro hartzen dituzte. Behin txertoa prestatuta, “besoaren goiko partean jartzen da, deltoides giharrean, muskulu barneko txertoa baita”. 

Txertoa hartzen duten pertsona guztiak eserita gelditzen dira 15-20 minutuz. Zeberiok azaldu duenez, “txertoak erreakzioren bat sortzen dion ikusteko. Prebentzio moduan da. Halako erreakzioen aurrekariak izan dituztenak ordu erdi egon behar dute txertaketaren ondoren. Normalena ezer ez gertatzea da. Eta bestela erizainak ondoan gaude”. Zeberiok jakinarazi duenez, deitutako gehien-gehienak joan ziren txertatzera. 

Unitate mugikorra 
Nafarroako Gobernuak txertaketa-estrategiaren barruan, Europa Okzitaniako Balio Anitzeko Unitate Mugikorra osasun-unitatea du COVID-19aren kontrako txertaketarako. Osasunbidearen asmoa da unitate mugikorra herriz herri mugitzea. Montoyak zehaztu duenez, “jendea osasun-unitate horretara joanen da txertoa jartzera eta osasun etxean lasaiago ibiltzeko aukera izanen da”. Zeberiok nabarmendu duenez, “jende asko da txertatu beharrekoa eta osasun etxean hori ezin da egin eta, horregatik, etorri gara frontoira gripearen eta COVID-19aren kontrako txertoak jartzera”.  Montoyak jakinarazi duenez, “asmoa zen hilaren15ean Etxarrin edo Altsasun jartzea, baina logistika arazoengatik Oronoz-Mugairin mustu zuten 19an”. 

Unitate mugikor hori Toulouseko Ospitale Unibertsitarioak (CHUT) eraiki du, EGALURG mugaz gaindiko lankidetza-sarearen esparruan, Pirinio aldeko larrialdietako eta hondamendietako osasun-laguntza hobetzeko Europako ekimen baten barruan.  Osasun-unitatearen herri batetik besterako ibilbidean Sakanara noizbait ekarriko dute.

Txertoa 
Orain arte Sakanan jarri diren txertoak Pfizer-BioNTech enpresak garatutakoak dira.