Bakardadeari eta asperraldiari aurre egiteko leihatila teknologiko ezberdinez baliatu gara konfinamendu gordinean, eta baliatzen ari gara oraindik ere, COVID-19ak ekarri digun kartzela emozionaletik ateratzeko. Bitartean, Interneten kontsumitzen den pornografiaren igoera nabaria izan da. Hain zuzen, %61,3ko gorakada izan zuen mundu mailan martxoan, pornografia webgune nagusi batek iragarri zuenez, bere eduki premiumak irekian jarri ondoren.
Save The Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak "Sexu Desinformazioa: Pornografia eta Nerabezaroa" txostena argitaratu zuen lehenengo itxialdiaren bukaeran. Honen arabera, Interneten pornografia gero eta gehiago kontsumitzen dute gure haur eta nerabeek, eta inoiz baino goizterrago murgiltzen dira bortizkeria, heteropatriarkatua eta matxismoa bultzatzen dituen pornografia eredu hegemonikoan.
Eskura dituzten teknologia berriei esker, gehienak 12 urterekin hasten dira eduki hauek ikusten; baina badira 7-8 urtekoak ere. Gainera, %70ek egunero kontsumitzen dute, eta hauetatik %30ek pornografia informazio iturri zuzen bakarra erabiltzen dute sexuaz eta harreman afektiboaz informatzeko. Are gehiago, aitortzen dute fikziozko sexu eduki hauek inspiratzen dituztela beraien harremanetan ikusitakoa errepikatzeko. Kezkatzeko moduko errealitatea.
Pornografia eredu hegemonikoak objektutzat hartu eta gizonen menpe jartzen ditu emakumeak, muturreko indarkeria ontzat emanez. Hemendik eraikitzen den guztia ez dator bat sexuen arteko eskubide berdintasunarekin, aldiz, gehienetan, kontrakoa bultzatzen baita; adibidez, talde bortxaketak eta emakumeen iritzia edo baimena kontuan hartu gabeko hainbat praktikak ikusi ahal dira. Bizitzaren iraunkortasunarekin zuzenean talka egiten du honek guztiak. Ez dezagun ahaztu gure neska eta mutikoen zoriontasuna, –gure jendartearen etorkizunaren arrakasta–, berdintasunean eta errespetuan kontsumitu edo egindako sexuan ere oinarritzen dela.
Errealitatea tematia da. Emakume eta haurren aurkako indarkeriarekin bukatzen hasteko sexu eta harreman afektiboen hezkuntza irekia, berdintasunean oinarritua eta garaikoa premiazkoa dela erakusten baitigu, behin eta berriz. Berriro ere, fenomeno honi aurre egiteko gakoa edo "txertoa" hezkuntza da. Beraz, etxean landu ahal dugunaz gain, Skolae bezalako programak ohol sendoak dira, inoiz baino gehiago, gainean dugun beste "olatu" hau nabigatzeko, gure neska eta mutikoak ez daitezen ito.