Ibarreko biztanleria %0,36 hazi zen

Guaixe 2021ko urt. 28a, 14:40
Gazte taldea elurretan.

Sakanan 20.261 herritar bizi ginen 2020ko ilbeltzaren 1ean, aurreko urtean baino 72 biztanle gehiago. Generoari erreparatuta, 10.432 sakandar gizonezkoak dira eta 9.829, berriz, emakumezkoak. Bien arteko aldea handitu egin zen 32 gizonezko gehiagorekin.

Ibarreko populazioaren joerak gorako norabidea hartu du atzera ere. Sakanak 2014 eta 2017 urteen artean 624 biztanle galdu zituen. 2018an ibarrak hamar biztanle irabazi zituen, baina 2019an sei galdu zituen. Erroldaren datu berritua 2020ko ilbeltzaren 1ekoa da eta aurreko urtearekin alderatuta Sakanak 72 biztanle gehiago zituen (52 gizonezko eta 20 emakumezko). 20.261 herritarretatik 10.432 (%51,49) gizonezkoak dira eta 9.829 (%48,51) emakumezkoak, bien arteko aldeak 0,09 egin du gora eta errolda egiterako unean emakumezkoak baino 603 gizonezko (%5,78) gehiago zeuden Sakanan. 

Udalerrika 
Ibarreko 15 udalerrietatik bederatzietan igo da populazioa. Portzentajeari erreparatuta, hiru udalerri dira puntu bateko igoera baino gehiago izan dutenak: Arakil (%3,11), Iturmendi (%1,99) eta Urdiain (%1,23). Gainontzeko udalerrietan herritar hazkundea apalagoa da: Irurtzun (%0,63), Ziordia (%0,57), Etxarri Aranatz (%0,56), Arbizu (%0,45), Altsasu (%0,30) eta Olatzagutia (%0,07). Azken udalerri horrek aurreko urteetako beherako joera hautsi du, baina ez da bueltatu 1.500 biztanle baino gehiago izatera. Bestalde, Etxarri Aranatz 2.500 biztanleko langa gainditzetik gertu gelditu da; 2018an lortu zuen, 2.503 etxarriar izanik. 

Herritarrak galdu dituzten sei udalerrien artean hiru dira puntu batetik gorako galera dutenak: Arruazu (%3,64), Uharte Arakil (%1,99) eta Irañeta (%1,74). Gainontzeko herrietan biztanleria galera txikiagoa izan zen: Bakaiku (%0,55), Ergoiena (%0,54) eta Lakuntza (%0,31). 2018an eta 2019an herritar kopuru bera izan zuen Uharte Arakil galera handia izan duen herrien artean dago. Ergoienak biztanleak galdu zituen beste urte batez. 

 

 

Hamar urteko aldea
2020ko eta 2011 datuak elkarren ondoan jartzean ibarreko biztanleria 515 pertsonatan (%2,49) jaitsi  dela ikusten da. Generoari erreparatuta, joan den urte hasieran 2011n baino 300 gizonezko gutxiago zeuden (%2,80); emakumezkoak, berriz, 215 (%2,14) gutxiago ziren. Hamarkada horretan populazioa zazpi udalerrietan igo da. Portzentajeari erreparatuta, Bakaiku (%5,88;20) eta Irañeta (%5,63; 9) dira bilakaera positiboena izan zuten udalerriak. Haien atzetik zeuden Lakuntza (%3,07; 38), Arbizu (%2,50; 27), Iturmendi (%1,99; 8), Arakil (%0,63; 6) eta Etxarri Aranatz (%0,48; 12). 

Herritar galera izan duten zortzi udalerrietatik hiru nabarmentzen dira: Ergoiena (%12,32; -52), Ziordia (%12,28; -49) eta Olatzagutia (%12,15; -206). Jaitsiera txikiagoak izan ziren beste bost udalerrietan: Urdiain (%7,42; -53), Uharte Arakil (%5,62; -47), Arruazu (%5,36; -6), Altsasu (-%2,48; -190) eta Irurtzun (%1,40; -32).

Nafarroa
Herrialdeak populazioaren hazkundearen joerari eusten dio eta joan den urte hasieran 6.983 (%1,07) nafar gehiago zenbatu zituzten. Nafarroan 6.745 (%2,06) emakumezko gehiago zeuden gizonezkoak baino. Zehazki, 333.971 (%50,51) emakumezko zeuden 2020ko ilbeltzaren 1ean Nafarroan, gizonezkoak, berriz, 327.226 (%49,48). Nafar guztien artean sakandarrak %3,06 ginen 2020an, aurreko urtean baino 0,03 gutxiago. 2017tik 2020rako biztanleriaren bilakaeran Sakanak %1eko pisua galdu du Nafarroan. 

Sakanako biztanleariaren garapena, urteka
Urtea Guztira Gizonezkoak Emakumezkoak
1996 19.052 9.791 9.261
1997      
1998 18.990 9.757 9.233
1999 19.104 9.815 9.289
2000 19.164 9.875 9.289
2001 19.392 10.023 9.369
2002 19.677 10.198 9.479
2003 19.832 10.287 9.545
2004 19.862 10.310 9.552
2005 20.002 10.380 9.622
2006 20.028 10.407 9.621
2007 20.086 10.430 9.656
2008 20.447 10.625 9.822
2009 20.652 10.686 9.966
2010 20.805 10.749 10.056
2011 20.776 10.732 10.044
2012 20.768 10.713 10.055
2013 20.809 10.701 10.108
2014 20.504 10.522 9.982
2015 20.307 10.422 9.885
2016 20.255 10.415 9.840
2017 20.185 10.366 9.819
2018 20.195 10.366 9.829
2019 20.189 10.380 9.809
2020 20.261 10.432 9.829
Ilbeltzaren 1eko datua. Iturria: ine.es