Koronabirusa Sakanan

COVID-19ren kontrako txertaketak segitzen du

Guaixe 2021ko urt. 21a, 18:58

Erizaina gizonezkoari txertoa jartzen. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Irurtzungo osasun eskualdean izan zen astelehenean, Altsasuko Aita Barandiaran adinduen egoitzan asteartean.

Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun eskualdeen ondoren, Irurtzungo osasun eskualdearen txanda izan zen astelehenean. Mendekotasun handia duten pertsonak, haien senideek eta osasun arloko langileak izan ziren COVID-19 gaitzaren kontrako txertoa jaso zutenak. Irurtzungo kiroldegitik, guztira, 130 pertsona txertatu zituzten. 

Asteartean Aita Barandiaran adinduen egoitzako 37 egoiliarrek jasoko zuten txertoa. Egoitzak 42 toki ditu, gainontzeko bost egoiliarrek ez zuten jasoko, edo Altsasuko egoitzara iritsi aurretik txertoa jaso dutelako, edo batzuk gaixo daudelako. Lehen dosia da asteartean jarri zutena Aita Barandiaran egoitzan eta otsailaren 9an bigarrena jasoko dute. Bestalde, egoitzako profesionalek aukeran dute han bertan edo Iruñeko Refenan txertoa hartzea. 

Protokoloa
Egoitzan gaitza ez zabaltzeko neurriak zorrotz segitzen dituzte. Mª Eugenia Martinez de Goñi Perez gerenteak azaldu duenez, hiru bizikidetza unitate sortu dituzte: egoitzako beheko solairuko egoiliarrak hartzen dituena eta lehen solairuko iparraldeko eta hegoaldeko pasabideekin bana. Unitate bakoitzean bizi diren pertsonak pasabide bereko beste egoiliarrekin bakarrik dute harremana. Bestalde, bisitei dagokienez, aldez aurretik hitzordua hartu behar da. Goizean hiru ordutegi daude eta beste horren beste arratsaldean. Beraz, astelehenetik ostiralera, goizez bederatzi bisita har ditzake egoitzak eta arratsaldez beste bederatzi. Gaurko txertaketak zenbat denbora emanen zuen ez zekitenez, goizerako ez dute bisita txandarik banatu.