Sortzeko garaia heldu da

Guaixe 2021ko urt. 25a, 12:00

Sakanako Mankomunitateak ikasleei eta euskara ikasleei zuzendutako Maria Markotegi eta Nanoipuin lehiaketen 2021eko edizioa martxan jarri du. Lanak martxoaren 26ra arte aurkez daitezke

Sakanan bizitokia edo ikastetxea duten ikasleek narrazio laburrak, poesiak, komikiak edo booktubeak aurkez ditzakete, kategoriaren arabera, Maria Markotegi sarietan. Hortaz, gazteek sormena lantzea du helburu lehiaketak. Markotegi sarietara lanak bidaltzeko epea martxoaren 26an bukatuko da, eta ikastetxeek ikasleen izenean lanak bidaltzeko aukera izanen dute. 

Ikasleen adinaren arabera bost kategoria daude: LHko 3. eta 4. maila, LHko 5. eta 6. maila, DBHko 1. eta 2. maila, DBHko 3. eta 4. maila eta Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloak. Azken kategoria hontako ikasleek booktube sailean baino ezin dute parte hartu. Lehenengo bi kategorietakoek, aldiz, ezinen dute booktube sailean parte hartu. Bestetik, kategoriaren arabera lanen luzera desberdina izanen da: narrazio laburretan lehenengo kategorian gutxienez orrialde bat aurkeztu behar da, eta laugarren kategorian laugarren katehorian, gehienez,. Poesiaren atalean gutxienez hamar lerro eta gehienez, laugarren kategorian, 80 lerro eta komikiaren kasuan orrialderen bat eta bost orrialde tartea dago, kategorien arabera. Booktubeen kasuan gutxienez 1,5 minutuko bideo bat egin behar dute hirugarren kategoriakoek, eta gehienez 4 minutukoa sortuko dute bosgarren kategorikoak.

Narrazio laburrak eta poesiak 12 puntuko hitz tamainan aurkeztu behar dira. Komikien kasuan DIN-3 tamainakoak izatea gomendatzen dute, eta eskuz egindakoak izan behar dute. Lanak bakarkakoak izanen dira, booktubeak izan ezik, binaka egin daitezkeelako. Lanak Internet bidez aurkez daitezke euskara1@sakana-mank.eus helbidean. Bi dokumentu aurkeztu behar dira; alde batetik, lana izenburuarekin eta, bestetik, datu pertsonalen dokumentu bat. Booktubeak USB batean Mankomunitateko egoitzan edo Wetransfer bidez aurkez daitezke.

Parte hartzaile guztiek oroigarria jasoko dute. Kategoria eta sail bakoitzeko bi sari emanen dira eta hauek Sakanako liburu dendetan erabiltzeko 40 eurotik 120 euro bitarteko txartelak izanen dira. Guztira, 30 sari banatuko dira. Leihaketaren ingurun informazio guztia Sakanako Mankomunitateko webgunean. 

Ipuin txikiak
Maria Markotegi sariarekin batera, Sakanako Mankomunitateak euskara ikasleei bideratutako Nanoipuin saria martxan jarri du ere. Euskalduntzen ari den Sakanako edozein pertsonak eta Mintzakide programako parte hartzaileek aurkez dezakete 100 eta 150 hitz tarteko lanak. Hiru kategoria daude: A1 eta A2 mailetako ikasleena, B1 ikasleena eta B2 eta C1 ikasleena. Mintzakideen kasuan euskara ezagutzaren arabera dagokien kategorian parte ahal izanen dute.

Lanak originalak izan behar dira, euskaraz idatziak, eta ez dira indakeria, sexismoa, arrazakeria edo bestelako eskubide urraketak sustatzen dituzten lanak onartuko. Idazlanak internet bidez aurkeztu behar dira euskara1@sakana-mank.eus helbidean, PDF formatuan eta beste dokumentu batean datu pertsonalak bidali behar dira. Euskara ikasleek martxoaren 26ra arte dute sariketan parte hartzeko aukera.

Parte hartzaile guztiek oroigarria jasoko dute, eta maila bakoitzeko irabazleek Sakanako liburu dendetan erabiltzeko 150 euroko txartela jasoko dute. 

Ekitaldia
2020. urteko pandemia egoera zela eta Sakanako Mankomunitateak ezin izan zuen urtero egiten duen sari banaketa ekitaldia egin, eta irabazleek etxean jaso zuten saria. Egoerak uzten badu, mankomunitatearen nahia ekitaldia berriz egitea da.

Etxepare Sariak
Nafarroako 22 toki entitateek, Sakanako Mankomunitatea barne, antolatzen duten haurrendako albumak sortzeko Etxepare Saria ere martxan da dagoeneko. Helburua haurrei zuzendutako album ilustratuak sortzea da. Lanak euskaraz idatzita egon behar dute, eta argitaratu gabeak izanen dira. Artistek bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean parte har dezakete eta formatua librea da, baina lanak ez dira 20x21 cm baino txikiagoak izanen. Gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte eta testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko, zuriuneak barne. Azken lau deialdietako batean jaso dituzten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira.

Lehiaketan parte hartzeko albumaren maketa aurkeztu behar da, albumean agertuko liratekeen testu zein ilustrazioekin. Maketa pdf formatuan bidali behar da, lan osoa fitxategi bakarrean, info@etxeparesaria.eus helbidera. Gainera, lanaren azken bertsio inprimatua bidali ahal da Leitzako Udalera, posta arrunt bidez. Lanak izengoitiaz izenpeturik egonen dira. Originalak aurkezteko epea maiatzaren 7an amaituko da, eta epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna ekainaren 3a izanen da.