Pilota

Ezkurdiak eta Ladis Galarzak euren lehen puntua lortu dute, konfiantza eman diena

Guaixe 2021ko urt. 25a, 11:30

Zubizarreta eta Albisuren kontra 16 eta 1 aurreratu ziren arbizuarra eta baraibardarra, baina behar baino gehiago sufritu behar izan zuten 22 eta 14 irabazteko. Zabaletak eta Elezkanok lidergoa sendotu nahi dute gaur

Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako markagailua mustu dute. Txapelketako 4. jardunaldia ari da jokatzen egunotan, eta aurrelari arbizuarrak eta atzelari baraibardarrak euren lehenengo garaipena lortu zuten Peña II.a ordezkatu zuen Zubizarretari eta Albisuri 22 eta 14 irabazi eta gero. 

Ikusgarri aritu ziren Ezkurdia eta Ladis Galarza lehen txanpan. 16 eta 1 ihes egin zuten, sekulako erakustaldia emanez. Espero bezala, Ezkurdiak eta Albisuk hartu zuten bizkar gainean partidaren zama ia gehiena. Ezkurdiak pilotari eman zion abiaduraren aurrean Zubizarreta ezinean aritu zen. Arbizuarrak dantzan jarri zuen Zubizarreta. Atzeko koadroetan Albisu ez zen aurrekoetan bezain fin ibili eta Ladis Galarzak ongi eutsi zion; tarteka ere bizkarra erakutsi zion nafarrak gipuzkoarrari. Baina gutxika partidari buelta ematen hasi ziren Baikokoak, tanto bat egin eta pilota biziago bat aukeratu eta gero. Tanto bat bestearen atzetik... azkenean 18 eta 14 gerturatu ziren. Goierritarrek Ezkurdia gainetik pasatzeko moduko pilota bat topatu zuten, eta partida ia irauli zuten. Uste baino gehiago sufritu zuten nafarrek baina, azkenean, 22 eta 14 gailentzea lortu zuten eta txapelketako lehen tantoa poltsikoratu dute Ezkurdiak eta Galarzak, ziurrenik lasaitasun handia emanen diena, behar beharrezkoa duten konfiantza. 

Bestalde, ostiralean Zumaian jokatutako partida borrokatuan, Erik Jakak eta eskuin eskua minduta duen Martija ordezkatu zuen Bikuñak galdu egin zuten, 17 eta 22, Urrutikoetxearen eta Imazen kontra. Hortaz, puntu batekin jarraitzen dute Jakak eta Martijak. Eta atzo, Bilbon, Altunak eta Mariezkurrenak garaipen garrantzitsua lortu zuten Olaizola eta Rezusta 10 tantotan utzi eta gero. Sailkapenean hiruna puntu dituzte bi bikoek. 

Gaur Zabaleta-Elezkanok eta Bengoetxea-Arangurenek itxiko dute 4. jardunaldia
Gaur despedituko da Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 4. jardunaldia. Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta liderrek Artola ordezkatuko duen Oinatz Bengoetxea eta Aitor Aranguren izango dituzte aurkari Gernikako pilotalekuan (22:30, ETB1). Liderrak dira faboritoak, eta euren lidergoa sendotzeko borrokatuko dute, baina txapelketa honetan ez dago arerio motzik eta euren lehendabiziko puntua lortzen saiatuko dira Bengoetxea eta Aranguren. Ea jokoan dagoen puntua non erortzen den.