Liburuen erradiografoak

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko urt. 27a, 11:15

Liburu bat irakurtzen dute eta, ondoren, kontakizunaren nondik norakoak aletzeko elkartzen dira. Irakurketa taldeak, irakurle taldeak edo irakurle klubak dira, eta, momentu honetan, Sakanan sei daude; erdiak, euskaraz.

Liburuei bigarren bizitza bat ematen diote irakurketa taldeetan edo klubetan. Sakanan momentu honetan martxan sei talde daude, lau herritan: Irurtzunen gaztelaniazko eta euskarazko taldeak daude, Etxarri Aranatzen euskaraz, Altsasun euskarazkoa eta gaztelaniazkoa eta Olaztiko kluba, orokorrean gaztelaniaz irakurtzen dutena.

Talde gehienak sortu zirenetik joaten diren pertsonek parte hartzen dute, baina irekiak dira, eta irakurzale berriak hartzeko prest eta gogotsu daude. Normalean bost eta hamar pertsona arteko taldeak izan ohi dira. Eta, gehienak, emakumezkoak. Irurtzungo euskarazko taldea ikasturte honetan hasi da, Pikuxar Elkartearen eta Aizpea Euskara taldearen ekimenez, eta hamar bat pertsonek parte hartzen dute, Nerea Baldak taldearen ardunadunak barne. Liburutegiarekin harremana mantentzen dute, baina liburutegitik kanpo antolatzen den talde bakarra da. Gaztelaniazko taldea 2009. urtean sortu zen, koordinatzailea Sofia Villegas da eta hamar pertsona inguru biltzen dira.


Irurtzungo euskarazko irakurketa taldea. UTZITAKOA

Etxarri Aranazko taldean iaz arte zazpi pertsona "finko" joaten ziren, baina pandemiagatik bik joateari utzi diote eta orain bost pertsonako talde bat osatu dute. "Beti saiatzen gara jendea animatzen, baina ez dugu lortzen. Baina gustatuko litzaiguke jende gehiago etortzea, esperientzia gehiago ezagutzea". Taldea duela ia hamar urte sortu zen Aingeru Mikeori esker: "Liburutegian arazo batzuk egon ziren eta batzorde bat sortu genuen. Bertan komentatu genuen interesgarria litzatekeela talde bat sortzea. Publikoa zen eta hasieran bederatzi bat pertsona etorri ziren. Orain arte". Hasieran Mikeo dinamizatzailea izan zen, "baina konturatu nintzen lotura edo atxikimendua txikia zela". Beraz, "konpromisoa" denena izateko arduradun papera txandakatzen dute.


Etxarri Aranazko irakurketa taldea. 

Altsasuko liburuzainak, Mari Luz Oyarbide eta Elena Aristorena, dira bi taldeen koordinatzaileak; lehenengoa euskarazko hizketaldiena eta bigarrena gaztelaniazkoena. Euskarazkoa nahiko talde berria da, eta parte hartzaile gehiago hartzeko prest daude. Gaztelaniazkoa hizketaldi literarioa Sakanako beteranoa da: duela 27 urte sortu zen, eta parte hartzaileen artean ia hasieratik joaten direnak daude. Beste batzuk beranduago sartu ziren, baina jarraitzen dute. Betiere, solasaldiak irekiak dira. Pandemiagatik sortutako egoeragatik irakurketa taldeen egutegietan etenaldia egin zuten, baina dagoeneko aurreikusitakoarekin jarraitzen dute.


Altsasuko gaztelaniazko irakurketa taldea. 

Olaztiko irakurketa taldeak hamar urte baino gehiago ditu eta bere koordinatzailea Eduardo Mayordoko liburuzaina da. Egun sei edo zazpi pertsonek parte hartzen dute, baina garrantzitsuena "bizirik" egotea dela aipatu du Mayordomok, "are gehiago gaur egungo egoerarekin". Taldearen "nukleoak" hasieratik darama, baina jendea hartzeko "tokia" dagoela esan du liburuzainak.


Olaztiko irakurketa taldea 2018. urtean egindako solasaldi batean. UTZITAKOA

Pandemiak ere beste taldeetan eragina izan du, Arakilgo ostegun zoriontsuak deitutako ekimena, momentuz, ez dute egiten. Bestetik, Arbizuko liburutegiak bultzatuta pixkanaka irakurketa taldea sortzen ari dira, lehenengo urratsak eman dituzte; Amets Arzallusekin solasaldia antolatu zuten, eta otsailerako Miren Amuriarekin beste bat egitea aurreikusi dute.

Elkarbanatu
Irakurketa talde hauetan parte hartzeko lehenengo arrazoia irakurtzea gustatzen zaiela da. Baina ez da bakarra. Ezta garrantzitsuena ere. "Aberasgarria" dela aipatu dute parte hartzaileetako askok. Liburuen ikuspuntu desberdinak entzuten dituzte ere. "Bakoitzak bere kabuz irakurrita aurkituko ez dituen hausnarketak lortzeko aukera ematen du, baita liburu berriak aurkitzeko eta elkarbanatzeko aukera ere", aipatu du Irurtzungo taldeko kide batek. Euskarazko taldeen kasuan, euskaraz gehiago irakurtzeko elkartzen dira: "Euskara ikasle bat ere badago, irakurriz eta solastuz hizkuntzan trebatzeko aukera ikusi zuena", azaldu dute Irurtzungo taldetik. Irakurtzea normalean ekintza bakartia da, eta taldean irakurritakoari buruzko zalantzak argitzeko eta pentsatzen dutena partekatzeko aukera dutela gaineratu dute.

Irakurketa talde bakoitzak funtzionatzeko modu bat dauka. Baina guztiek zenbait elementu elkarbanatzen dituzte: besteak beste, elkarrekin ekimen bat egiteko, sozializatzeko, literaturaz gozatzeko eta liburuei buruz hausnartzeko elkartzen dira parte hartzaileak. Hilabetean behin edo hilabete eta erdian behin egiten dituzte topaketak, taldearen arabera. Tarte horretan proposatutako liburua irakurri behar dute. Nafarroako Liburutegi Sareak irakurketa taldeei liburu loteak eskaintzen dizkiete, eta normalean hortik aukeratzen dituzte liburuak. Lote bakoitzak hogei ale ditu, irakurleen artean banatzeko.

Liburuen hautaketa Irurtzungo bi irakurketa taldeetan, esaterako, liburu loteetatik aukeratzen dute irakurtzeko liburua. Gaztelaniazko taldearen "koordinatzaileak" aukeratzen ditu, parte hartzaileek aipatu duten bezala. Hala ere, parte hartzaileek beraiek ere libururen bat proposatu dezakete. Euskarazko taldearen kasuan ere, "hortik interesatzen zaiguna" eskatzen dute. Talde hasiberria da, eta "momentuz" horrela ari dira. Etxarri Aranazko irakurketa taldean ere loteetatik aukeratzen dute, baina urtean zehar estilo eta genero desberdinak irakurtzea proposatu zuten duela zenbait urte: "Denetarik irakurtzen saiatzen gara". Altsasuko taldeetan tertulien koordinatzaileak aukeratzen dituzte irakurri beharreko liburuak. "Eta normalean oso aukeraketa ona egiten dute". Olaztiren kasuan ere liburuzainak aukeratzen ditu irakurketak, "taldean galdetu ondoren". Oso luzea ez izatea, ezta oso laburra ere, oso astuna ez egitea gero "sakontasunez" hitz egiteko eta jendea "engantxatzen" duten liburuak aukeratzen saiatzen da.

Saio batetik bestera parte hartzaileek aukeratutako liburua irakurri behar dute, eta gustatu hala ez gehienek bukatzen dutela aitortu dute. "Irakurtzeko astirik ez dudanean ere taldean komentatzen dut, baina solasaldira joaten naiz, besteen hausn a r k e t a k entzuteko", aipatu dute Irurtzundik. "Liburu bat irakurtzearen prozesuaren parte bada, eta gustu aniztasun horrek taldea aberasten du". Ahalegina berez egiten duten, eta bada denbora ematen badio bitan irakurtzen duena ere. Liburua bukatzea eta solasaldian parte hartzea solaskideekin hartzen duzun konpromisoa bat dela aipatu dute Altsasutik.

Izan ere, irakurketa taldeen alde garrantzitsuena, liburua irakurri ez ezik, liburuaren ikuspegi desberdinak azaleratzea da. Liburuaren irakurketa aktiboa egiten dute, eta gero solasaldian bakoitzak bere ikuspuntua, ulertutakoa, gustatu zaiona edo ez eta abar elkarbanatzen du: "Aberasgarria da iritziak kontrajartzea", "ideiak elkarbanatzea", "prisma desberdinetatik irakurtzen duzu", "hainbat hausnarketa ateratzen dira", "ikasketa positiboak ateratzen dira", "ezagutzak elkarbanatzea", "literaturaz hitz egiten ikastea", "zure buruari gutxienez liburu bat behintzat irakurtzera behartzeko", "euskaraz gehiago irakurtzeko"… Liburu bati buruz hitz egitea baino gehiago badira literatura hizketaldiak. Liburuen erradiografia egiten dute taldeetan, datu txikiena ere ateratzen dute: "Baliteke ni zerbaitetaz ez konturatzea eta beste norbaitek ateratzen du, eta liburuaren zentzu osoa aldatzen zait".

Etxarri Aranazko taldearen kasuan, gainera, aldi bakoitzean arduradun bat izendatzen dute; beraz, arduradun horrek liburua irakurri eta liburuaren inguruko eskema edo lantxo bat egin behar du, gelditu aurretik taldekideei bidaliko diena. "Etxerako lanak" egiten dituzte. "Solasaldira joan aurretik irakurtzen ditugu, eta horrela badakigu nondik joko duen". Gero eskema jarraituko dute edo ez: "Baliteke pertsonaia bati buruz hitz egiten hasi eta beste gai bat atera, edo beste liburu baten aipamena egin…". Taldearekiko erabateko konpromisoa dute. Hasieran taldekideen aurrean "kostatu" daitekeena ere, taldeetan giro oso polita sortzen da. Izan ere, aipatu dutenaren arabera, sozializatzeko modu bat da ere. Talde txikiak direnez, eta gehienak denbora asko daramatenez, dagoeneko "kafe tertulia" bihurtu dira. Hala ere, eta talde guztietako koordinatzaileek eta parte hartzaileek errepikatzen dutenez, jende berria hartzeko gogotsu daude. Olaztiko liburuzainak aipatu duenez, liburuez, istorioez eta, oro har, bizitzaz hitz egiteko modu polita da.

Nobela eta beste
Irakurketa taldeetan "denetarik" irakurtzen dute. Genero, estilo eta gai asko lantzen dituzte. Gainera, irakurritako liburu batetik, gustu berriak sor daitezke ere. "Agian gure kabuz irakurriko ez genukeen saiakera bat irakurtzen dugu, eta beste bat irakurtzeko esaten dugu". Bestetik, irakurleen artean gustu guztietako estiloak daude, gogokoenak zeintzuk diren erabakitzea zaila den: eleberria, historikoak, emakumezkoen istorioak, idazle ezezagunenak, nobela beltza eta suspensezko istorioak, elkarrizketen bidezko kontakizunak, autobiografikoak, biografiak, liburu klasikoak, nobedadeak…

Solasaldirako irakurri behar duten liburua ez ezik, tartean parte hartzaileek liburu gehiago irakurtzen dituzte. Irakurle handiak dira. Kasu honetan, norberak aukeratzen dituen liburuak dira, baina hizketaldietan ere komentatzen dituzte.

Bizitza
Irakurtzea "gozamena eta plazera" delako, eta asebetetzen duelako. Sakanako irakurle taldeetako kideek aipatu dutenez, idaztearen artearen bidez liburu batean beste pertsonen pentsatzeko modutik ikasi dezakezu, eta, ondorioz, mundua ulertzeko modu bat izan daiteke. Ezagutzeko gogoa pizten du: "leihoak irekitzen dizkigu, irudimenera, sentimenduetara, ezagutzara eta pentsamenduetara", aipatu dute Irurtzundik. Zentzu kritikoa handitzeko balio du, baita urruti "hegan" egiteko eta "modu merkean" bidaiatzeko aukera ere ematen du, Altsasuko taldeko kideek aipatu dutenez. Liburu baten orrietan sartzeak ere "egunerokotasunetik ihes egiten laguntzen du". Bizitza lekzioak ere ikas daitezke: "Kultura, adimena irekitzea, abstraitzeko aukera…". Zoriontasun momentuak sortzen ditu ere. Besteen bizitzak bizitzeko aukera. Edo beste modu batean ezagutu ezingo ziren sentsazioak eta bizitzak ezagutzeko aukera ematen dute istorioek ere.

Liburuen bidez ere asko ikasi daitekeela aipatu dute. Kontatzen diren istorioetan aipatzen diren ezagutzak ez ezik, lengoaia eta hizkuntza ikasteko aukera eskaintzen dute liburuak ere. "Hitz eta esaera berriak ikasten ditugu". Batzuek zerbait irakatsiko duten liburuak nahiago dituzte ere.

Irakurzaletasuna solasaldiekin gehituta, liburuekin sor daitezkeen esperientziak biderkatzen dira liburu bakar batengatik, hamaika ikuspuntu eta "leiho" irekitzen direlako. Normalean topaketak ordu eta ordu eta erdiko iraupena dute, eta gehienetan bukatzea kostatzen zaie. "Itxi behar dutela esatera etorri behar dira, bestela, jarraituko genuke".

Irakurketa taldeek ere literatura ekitaldiak sustatzen dituzte, eta, adibidez, idazleen hitzaldiak antolatzen dituzte, baita liburuen aurkezpenak ere.

Erlazionatuak