Pilota

Zabaletaren eta Elezkano II.aren laugarrena

Guaixe 2021ko urt. 26a, 09:03

Binakako hasierako ligaxkako lider jarraitzen du Aspeko bikoak, atzo Bengoetxea VI.ari eta Arangureni 14 eta 22 irabazi eta gero. Jokatutako lau jardunaldiak irabazi dituzte eta Zabaletak agintzen eta txapelketako onena izaten jarraitzen du

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 4. jardunaldia atzo despeditu zen, Elezkano II.ak eta Zabaletak Artola ordezkatzen duen Bengoetxea VI.aren eta Arangurenen kontra atzo Gernikan jokatu zuten partidarekin. Elezkano II.a eta Zabaleta ziren faboritoak eta liderrek ez zuten huts egin. Sendo jokatu zuten, atzeko koadroetan Zabaleta izan zen jaun eta jabe eta Elezkanok Oinatz Bengoetxearen bihurrikeriei ongi erantzun zion. Horrela, 14 eta 22 irabazi zuten Elezkanok eta Zabaletak eta bere lidergoa sendotu zuten. Egun, besteak baino koska bat gorago daude Zaratamokoa eta Etxarrengoa. 

Sailkapena
Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 4 jardunaldi jokatuta, Elezkano II.a eta Zabaleta dira liderrak (4 puntu), Altuna-Mariezkurrenak eta Olaizola-Rezustak hiruna puntu dituzte, Peña II.a-Albisuk eta Urrutikoetxea-Imazek bina puntu, Jaka-Martijak eta Ezkurdia-Ladis Galarzak puntu bana eta Artola-Arangurenek ixten dute sailkapena, punturik gabe. 

5. jardunaldiak dakarrena
Asteburuan Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 5. jardunaldia dago jokoan. Ostiralean, Mallabian, Ezkurdia-Ladis Galarzak Artola ordezkatzen duen Bengoetxea eta Aranguren izango dituzte aurkari Mallabian (22:15, ETB1). Material aukeraketa bihar, asteazkena, 11:00etan eginen dute. Larunbatean, Labriten, Elezkano II.ak eta Zabaletak Peña II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute (17:15, ETB1). Materiala ostegunean, 11:00etan, aukeratuko dute. Igandean, Bilbon, Jakak eta Martijak Olaizola II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari (17:00, ETB1) eta materiala bihar, asteazkena, 13:00etan hautatuko dute. Bukatzeko, astelehenean, Amezketan, Urrutikoetxearen eta Imazen kontra ariko dira Altuna III.a eta Mariezkurrena II.a (22:30, ETB1). Materiala ostegunean, 13:30ean aukeratuko dute.