Duela 32 urte inguru Patxi Agirre arbizuarrak herrian trikitixa eskola jartzearen alde egin zuen. "Ikastolaren bilera batean komentatu zuten, Gipuzkoan asko mugitzen zelako, eta orduan esan zuten ea zergatik ez genuen hemen egiten". Garrantzitsuena ikasleak izatea zen, eta, baziren. Beraz, Agirre Billabonara joan zen Martinen musika etxera: "Eskola egin nahi genuela komentatu nion, eta bertan ikasten ari zen hamasei edo hamazazpi urteko Xabier Gozategi bat klaseak emateko prest zegoela esan zidan". Arazoa Gozategi Orion bizi zela zen, baina bere aita prest zegoen Arbizurako bidea egiteko. "Askotan tokatu izan zait kotxea hartu eta Orioraino joan etorria egitea".
Arbizun hasi eta pixkanaka Sakanako beste herrietara zabaldu zen trikiti eskola, baita Nafarroako beste eskualdetara ere: Baztan, Iruñerria, Lizarraldea... Horregatik, duela zazpi urte Nafarroako Trikitixa Jaialdia antolatzen hasi zirenean "garrantzitsua" zen Altsasun egitea. "Hemen jaio eta hemendik zabaldu zelako". Aurten, zazpigarren edizioa ospatuko dute urtarrilaren 30ean, ostirala, 17:30ean, Iortia kultur gunean.
Soinu txiki bat
Trikitixa "kale giroko" instrumentu bat dela azaldu du Patxi Agirrek. "Betidanik panderoarekin jo izan dena. Soinu edo akordeoi txiki bat da, panderoarekin joan behar du eta erromeria giroan jotzen da". Horrela ezagutu du Patxik betidanik. "Trikitixa eta panderoa beti lotuta joan dira, baina orain beste instrumentu bat bezala hartzen da trikia, eta beste instrumentu batzuekin uztartzen da ere. Ez panderoarekin bakarrik. Zabaldu da". Irune Agirre Patxiren alaba Sakanako trikitixa eskolaren lehenengo belaunaldiko edo promozioko taldekoa da. Sei urterekin hasi zen trikitixarekin, "hasieran zer zen ez nekiela ere. Aitak esan zidan ikasi behar nuela, eta aurrera". Talde polita sortu zuten, eta "harrapatzen" joaten zen. "Lotzen dizu". Orain arte; trikiti irakaslea da Irune.
Kaleko giroko instrumentu bat da, "betiko erromerietan" panderoarekin jotzen dena, baina "aspaldi" eszenatokietan jotzeko beste instrumentu batzuekin batera jotzen dena. Horregatik, soinu txikia ikastearen arrazoia "kalera ateratzea" dela esan dute agirretarrak. "Pixkanaka herrietara jotzera joatean hasi ginen, eta horrek jarraitzera bultzatzen dizu". Polita zen, Patxiren iritziz: "Bederatzi edo hamar pieza hormari begira jotzeko, bada, ez. Haurrak hartu eta Arbizura atera". Gurasoek kotxeak antolatzen zituzten, eta hemendik hona ibiltzen ziren. "Batzuetan pena ere ematen ziguten. Trikitixa txikia zen, baina haiek txikiagoak ziren. Hotzarekin jo dute…". Alde positiboak atera dizkiotela aipatu du Irunek. "Instrumentu bat jotzen duzunean, ez da etxean jotzeko".
Egoera
Pandemia egoera dela eta pixka bat "trabatuta" daude. "Kalera atera gabe, zaila da". Hala ere, inguruan ikusten dutenagatik trikitxaren egoera "ona" da. Baina garrantzitsuena kalera ateratzea dela dio Irunek: "Jendea ikastera dator gero kalean jotzeko. Hori badaki. Etortzen bada, gero kalera atera beharko du". Trikitixa festarekin lotuta dago, "eta jendea hasten denean hori ere nahi du. Badaki hori eduki behar duela". Festak beste modu batera gozatzeko modu bat da. "Gustatzen bazaizu ez duzu sakrifizio bezala hartzen. Horrela pentsatzen baduzu ez duzula bizi seinale da. Gustatzen bazaizu hemendik hona joaten disfrutatzen duzu".
Hiru hamarkada hauetan trikitiaren munduan nabaritu duten aldaketa nagusiena trikitilarien adinean dago: "Hasi ginenean denak haurrak ginen. Orain, ez dago adinik. Hor aldaketa egon da. Klasean 7 urteko haur bat izan dezakezu, edo 70 urteko heldu bat. Guztiok elkarrekin arazorik gabe ateratzen gara. Helburu berdina dugulako". Hala ere, Sakanan gehiago "kostatzen" dela aitortu du Irunek. "Baina ez du adinik. Esaten didate joko zutela baina adin honekin, eta denak haurrak direnez… ". Iruñerrian, aldiz, adin guztietako jendea ikusten da trikitxa taldeetan.
Aurten ere
Nafarroako VII. Trikiti Jaialdia ospatuko dute hilaren 30ean, larunbata, 17:30ean, Iortia kultur gunean. Jaialdiak antolatu aurretik, Nafarroako Trikiti Egunak antolatzen zituzten eta, aurretik, txapelketak. "Oñatiko jaialdi batera joan ginen eta gu bezala aritzen diren Etxalargo Elizagoien ahizpekin elkartu ginen. Horrelako zerbait antolatzeko ahalmenez galdetu, eta hurrengo urtean lehenengo Nafarroako Trikiti Jaialdia ospatu genuen". Urteko lehenengo jaialdi bezala antolatu zuten, urtarrilean, eta lehendabizikoa Altsasun egin zuten, "Sakanan hasi zelako trikia". "Altsasun egin beharrean beraien zonaldera eramatea erabaki genuen, eta urte bat hemen eta beste urte bat Lesakan egiten hasi ginen". Behin ere Burlatan egin behar izan zuten, kultur gunea erabiltzeko adostasunik ez zutelako lortu. Hortaz, elkarteak bere baliabideekin antolatzen du jaialdia, "eta sarrerek gastuak ordaintzeko justu ematen dute".
Aurtengo osasun krisialdiarekin, gainera, jaialdia antolatzeko "buruhauste handiak" izan dituztela esan du Irunek: "Azken momentura arte ez genekien egin ala ez. %50ko edukiarekin ezin genituen gastuak estali…". Egun batean baietz esaten zuten, hurrengoan egoeragatik ezin zela eta ezetz. Zalantza asko izan dituzte, baina azkenean, urteroko arrakasta eta interesa ikusita, aurrera egitea erabaki dute. Parte hartzaileen zerrenda ere egina zuten. Gainera, EITB-k ere jaialdian interesa adierazi zuen, eta laguntzeko prest agertu zen. Aurkezlea Ilaski Serrano izanen da. Sarrerak Iortia kultur gunearen webgunean eta leihatilan salgai daude, 12 eurotan.
Desberdina
Urtero jaialdiaren kartela aldatzen joaten dira. "Puntako musikariei eskatzen diegu zerbait desberdina egitea, ez denak berdina egiteko. Buruari buelta batzuk emateko eskatzen diegu". Patxik gogoratu duenez, jaialdi bat da, "ez erromeria". Hortaz, musikariei denborarekin abisatzen diete eta "baiezkoa ematen dutenean" zerbait berezia eginen dutelako da. Bakoitzak hiru pieza jo behar ditu.
"Zerbait berezia lortzen da, batak bestearekin ez dauka zerikusirik. Orduan, jaialdi polita ateratzen da. Orain arte, ongi joan da". Aurtengoa are "desberdinagoa" izanen dela azaldu dute: Estangatarrak, Roberto Etxeberria eta Eusebio Mayaldi, Monik Valor eta Eider Iraola, Eingo taldea, Neomak, Ander eta Xabi Malbadi eta Enrike Zelaia ariko dira Iortiako agertokian. “Robertoren kasuan normalean bere arrebarekin aritzen da, baina bideo batean Eusebiorekin ikusi genuen, kazuelak eta sartegiak eta bar jotzen dituela, eta berarekin etortzeko eskatu genion. Gero sorginak ere ariko dira, artistak dira. Abesten dute, trikitia eta panderoa modu berezian jotzen dute eta perkusioa ere erabiltzen dute”. Altsasun egonda Enrike Zelaia “infernuko hauspoagatik” gonbidatzea pentsatu zuten ere. “Ez da trikia, soinua da; zerbait desberdina eskainiko du”.