KIROLDEGIA

Kirol lehiaketak modu mailakatuan hasiko dira Nafarroan otsailaren 12tik aurrera, eta pandemiaren bilakaeraren menpe egongo dira

Guaixe 2021ko urt. 26a, 14:31
Futbol partida bat, Lakuntzako Zelai Berrin. Artxiboa.

Federazioek segurtasun neurri guztiak biltzen dituen protokolo bat igorri beharko dute, Nafarroako Kirolaren Institutuak argitaratutako ebazpenak ezartzen duen bezala

Nafarroako kirol federazio guztiak lanean daude buru belarri, euren txapelketetako egutegiak ontzen eta, azkeneko aldaketarik ez bada, otsailaren 12tik aurrera hasiko diren lehiaketak eta txapelketak prestatzen. 
Izan ere, otsailaren 12tik aurrera hasiko dira, modu mailakatuan, kontaktu edo aurkaritza kiroletako Nafarroako lehiaketa ofizialak. Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI) lehiaketa horiek hastea baimendu du, eta COVID-19 pandemiaren bilakaeraren menpe egongo dira.  NKIko zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotzen dira kontaktu edo aurkaritza kiroletako modalitateen lehiaketak abian jartzeko bete beharreko baldintzak. Taldekakoen artean, futbola, areto futbola, saskibaloia, eskubaloia, errugbia, hockeya, patinetako hockeya eta waterpolo sartzen dira; banakoetan, berriz, borrokakoak eta arte martzialak.

Pandemiaren arabera
Txapelketak hasteko egunak aldatu edo bertan behera utzi ahal izango dira, egoera epidemiologikoaren eta osasun agintariek har ditzaketen neurrien arabera. Hori dela eta, lehiaketak hasi ondoren, aldi baterako edo behin betiko eten ahal izango dira.

Txapelketak modu mailakatuan hasiko dira. Taldeko modalitateetan, seniorrak eta juniorrak otsailaren 12tik aurrera hasiko dira; kadeteak otsailaren 19tik aurrera; haurren kategoria otsailaren 26tik aurrera; eta gainerako kategoriak martxoaren 5etik aurrera. Banako kirolei dagokienean, kategoria absolutuak otsailaren 12an hasi ahal izango du; juniorrak 19tik aurrera; kadeteak otsailaren 26tik aurrera; haurren kategoriak martxoaren 5etik aurrera; eta gainerakoak martxoaren 12tik aurrera.

Bestalde, entrenamendu osoak egin ahalko dira bi talde ezberdinen artean, lagunarteko partidak, adibidez. 
Nafarroako kirol federazioek osasuna babesteko neurri guztiak biltzen dituen protokoloa aurkeztu beharko dute NKIan. Eta kirol talde edo klub bakoitzak bere COVID-19 arduraduna izendatu beharko du; pertsona hori arduratuko da klub bakoitzean segurtasun eta osasun neurriak betearazteaz. Federazio bakoitzeko arduradunarekin koordinatuko dira.