Pilota

Martijak gaur erabakiko du asteburuan jokatzeko moduan izango den ala ez

Guaixe 2021ko urt. 28a, 10:45
Martijak gaur erabakiko du jokatzeko moduan dagoen ala ez.

Ezkurdia-Galarzak eta Bengoetxea-Arangurenek Mallabian egin beharreko pilota aukeraketa bertan behera geratu zen atzo, hezetasunarengatik, eta Zabaletak eta Elezkanok gaur banatuko dute materiala, Labriten (11:00)

Binakako Txapelketako hasierako 5. jardunaldia jokatuko da asteburuan. Erik Jakak eta Julen Martijak Olaizola II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Material aukeraketa atzo egin zuten, baina Martija ez zen Bilboraino gerturatu eta Jakak aukeratu zituen bikoaren pilotak.

Jakina denez, Martijak eskuin eskua mindua du eta aurreko jardunaldian atseden hartzea erabaki zuen. Bikuñak hartu zuen bere tokia. Martijak gaur erabakiko du igandean jokatuko duen ala ez. “Nahi dudana eta espero dudana da Martija ongi egotea eta igandeko partida jokatzeko moduan egotea” azaldu zuen Martijak. 

Ezkurdiaren eta Ladisen aukeraketa, hezetasunarengatik bertan behera
Atzo, Mallabian, Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak, batetik, eta Artola ordezkatuko duen Oinatz Bengoetxeak eta Arangurenek, bestetik, 5. jardunaldirako materiala aukeratu behar zuten. Baina aukeraketa bertan behera geratu zen, Mallabiko frontoiak zuen hezetasunarengatik. Gauzak ongi, bihar jokatuko da euren arteko norgehiagoka, Mallabian, eta partida aurretik banatuko dituzte pilotak. 

Gaur Zabaletak eta Elezkanok materiala banatuko dute Labriten
Binakako hasierako ligaxkako liderrek, Elezkano II.ak eta Zabaletak Peña II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute larunbatean Iruñeko Bomboneran. Pilota aukeraketa gaur eginen dute, goizeko 11:00etan, Labriten.