Hondakinen Kudeaketa Zerbitzuak lan-poltsa osatuko du

Guaixe 2021ko urt. 29a, 14:39
Hondakin bilketako kamioia Arbizuko tratamendu plantan. Artxiboa.

Sakanako Mankomunitatearen hondakin zerbitzuaren beharrak betetzeko osatuko da. Eskabideak otsailaren 8ko 14:00ak arte aurkeztu daitezke Mank-en Lakuntzako egoitzan edo haren egoitza elektronikoaren bidez.

Ibarreko erakundeak peoi-gidaria, peoia, pala-gidaria eta antzeko lanak egiteko pertsonak bilatu nahi ditu. Zehazki, Hondakinen Kudeaketa Zerbitzuan sor daitezken beharrak betetzeko lan-poltsa sortuko du eta kontratazioen iraupena zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da. Poltsa egiteko oposizio-lehiaketa bat eginen du Sakanako Mankomunitateak. 

Deialdian interesa duten pertsonek beraien curriculuma aurkeztu beharko dute, haien merezimenduak ebaluatu ahal izateko (Nortasun Agiria edo agiri baliokidea, merezimenduek agiriak, tituluen kopiak, langabe edo enplegu hobekuntzan aritzearen ziurtagiria, C1 motako gidabaimena, euskara maila). Horrekin batera, hautagaiei bi proba eginen dizkie Mank-ek. Batetik, test motako galdera-zerrenda bati erantzun beharko diete interesatuek, eta, bestetik, suposizio teoriko-praktiko bat egin beharko dute. Hautaketa-probak 2021eko otsailean egitea aurreikusten da.