Milaka urratsez, oso aurrera egin dugu

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Mundiñano Larraza eta Fran Balda Araña (Nafarroako Sareren izenean) 2021ko ots. 1a, 09:34

Aurtengo urtarrileko erronka ez zen makala. Helburua, argia, handia: euskal presoen etxeratze prozesuaren baitan, jendarte-bulkadari bidea ematea. Zailtasunak, agerikoak. Gaitzaldiari elurtea gehitu zitzaion. Jendea atera, mugitu eta biltzeko oztopo asko. Posible ote jendarte honen gehiengo zabal baten gogoa ikusgarri egitea? Eta bai, emaitza ikusgarria izan da oso. Zuri esker.
Iruditzen zaigu gu geu garela lortutakoaren garrantziaz jabetu behar dugun lehenengoak. Hainbeste maite dugun mendizaletasunetik hartutako metafora erabiliz, amesten dugun gailurra zapaltzeko gainditu beharko ditugun zailtasunak begi bistan ditugunean, onuragarria da bidean gelditu, burua altxa, atzera begiratu eta dagoeneko egin dugun bide zatiaren tamainaz jabetzea, gehiago delako ibili duguna gailurrera iristeko geratzen zaiguna baino.
Gaur, presoen korapiloa askatzeko erronka da herri honetan aniztasun gehien, indar gehien eta kontsentsu gehien biltzen dituen jendarte erronka. Ukaezina den errealitate honek erakusten du jendartearen gehiengo zabalarentzat, eragile sozial, politiko eta sindikal nagusi nagusientzat, presoen korapiloa askatzea dela elkarbizitza eta konponbideari lotzen zaion aldagaia; jendarte honek etorkizun berri bati begietara begiratzeko duen urgentziari,  politika alderdikoien lehiatik atera eta herri gisa hartu behar den erronka dela. 
Hauxe baita gailurrera iristeko egiteko dugun bidea irekitzeko gakoa. Denok konfiantza izatea gailurrera iritsitakoan denok izango garela garaile, denon ikurrak jartzeko tokia egonen dela, inork ez duela gailurra berarentzat eta bere ikurrentzat bakarrik hartu nahi izango. Bidea ere gero eta garbiago ageri zaigu aurrean: salbuespeneko espetxe politikaren aroa atzean utzi behar da; urrunketa amaitu, gaixoak eta adinduak kaleratu. Gailurrera eramanen gaituen bidea egiteko heldulekuak ere finkaturik daude: presoak elkarbizitzan txertatzeko akordio zabala edo eta 7/2003 legearen aplikazio malgurako tresnak adostea. 
Ez du zentzurik orain egin daitezkeen urratsak gerorako uzteak, denbora alferrik galtzeak hodei beltzen eta ekaitzen etorrera besterik ez du ahalbidetuko.
Zatoz gurekin! Izan Bidea!