Pilota

Julen Martijak jokatuko du

Guaixe 2021ko urt. 29a, 11:00
Julen Martijak eskua hobe duela eta jokatzeko moduan dagoela azaldu zuen atzo. Argazkia: EITB.

Etxeberriko atzelariak jokatzeko moduan dagoela erabaki du eta atzo entrenamendu gogorra egin zuen. Binakako hasierako ligaxkako 5. jardunaldian, Zabaletak eta Elezkanok lidergoa sendotu nahi dute eta Ezkurdia-Galarzak eta Jaka-Martijak, ordea, bigarren puntua lortu.

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 5. jardunaldia jokatuko da asteburuan. Elezkanok eta Zabaletak lidergoa sendotzeko euren 5. garaipena litzatekeena lortu nahi dute, eta Ezkurdia-Galarzak eta Jaka-Martijak, aldiz, euren bigarren puntua poltsikoratu nahi dute, txapelketa bideratzeko. 

Jakak eta Martijak bigarrena nahi dute
Erik Jakak eta Julen Martijak Aimar Olaizola eta Beñat Rezusta izanen dituzte aurkari igandean Bizkaian (17:00, ETB1). Julen Martijak eskuin eskua minduta izan du eta aurreko jardunaldian atseden hartu eta Bikuñak hartu zuen bere tokia. Atzo jokatzeko moduan dagoela adierazi zuen Etxeberriko atzelariak. Entrenamendu serioa egin zuen Jakarekin, Irribarriarekin eta Erostarberekin,  eta ongi sentitu zela adierazi zuen. Masajeak hartu ditu, takoak aldatzeko modua aldatu eta eskua ongi duela gaineratu zuen. Erik Jakak asteazkenean aipatu zuenez “Martija lehenbailehen osatzea eta txapelketara bueltatzea da espero eta nahi dudana”, eta bere eskaria bete egin da. 

Jakak eta Martijak igandean partida oso zaila dute Olaizolaren eta Rezustaren kontra. Jokatutako lehen hiru jardunaldiak irabaztetik baina azken jardunaldia Altunaren eta Mariezkurrenaren kontra galtzetik datoz Olaizola eta Rezusta, eta sailkapenaren buruan jarraitzeko igandeko partida irabazi nahi dute. Eta Jakak eta Martijak puntu bakarra dute eta bigarrena lortu nahi dute, sailkapeneko beheko postuetatik gora egiteko. Beraz, asko dago jokoan eta partida estua espero da. 

Zabaletaren eta Albisuren lehiaz gozatzeko irrikaz
Elezkano eta Zabaleta txapelketako jaun eta jabeak izaten jarraitzen dute, momentuz. Orain arte jokatutako lau partidak maisuki irabazi dituzte, lezioa emanez. Astelehenean, Gernikan, sendo aritu iren Artola ordezkatu zuen Bengoetxea VI.aren eta Arangurenen kontra. 14 tantotan utzi zituzten eta, beste behin, partidako onena izan zen Jose Javier Zabaleta. Etxarrengo atzelaria eta Elezkano gainontzeko pilotariak baino koska bat gorago daude une honetan, eta larunbatean, txapelketako 5. jardunaldian, Peña II.a eta Albisu izango dituzte aurkari non eta Iruñeko Bomboneran (17:15, ETB1), Zabaletaren Labrit kuttunean. Atzo egin zuten material aukeraketa, eta pilotazaleak egungo bi atzelari indartsuenetakoen arteko lehiaz gozatzeko irrikaz daude. Lehenek lidergoa sendotu nahi dute, eta bigarrenek euren hirugarren puntua litzatekeena poltsikoan gorde. Hortaz ikusmina handia da. 

Ezkurdiak eta Ladisek bide onean jarraitu nahi dute
Ezkurdiak eta Ladis Galarzak konfiantza eman dien garaipena lortu zuten larunbatean Tolosan. Peña II.a ordezkatu zuen Zubizarretari eta Albisuri 22 eta 14 irabazi zieten eta txapelketako euren lehen puntua lortu zuten. Lehen zatian ikusgarri aritu ziren Ezkurdia eta Ladis Galarza. Ezkurdiak sekulako abiadura eman zion pilotari, Zubizarreta jokoz kanpo utzi zuena, eta atzeko koadroetan Ladisek ongi eutsi zion Albisuri, bizkarra ere erakutsi zion, eta 16 eta 1 ihes egin zuten nafarrek. Baina goierritarrek Ezkurdia gainetik pasatzeko moduko pilota bat aukeratu zuten eta 18 eta 14 gerturatu ziren. Euren lehen puntua kosta ala kosta lortu nahi zuten Ezkurdiak eta Ladisek, eta nahi baino gehiago sufrituz, irabaztea eta lasaitasun handia eta beharrezkoa zuten konfiantza eman dien puntua eskuratzea lortu zuten. 

Gaur, ostirala, Ezkurdiak eta Ladisek Artola ordezkatuko duen Oinatz Bengoetxea eta Aranguren izango dituzte aurkari Mallabian (22:15, ETB1). Asteazkenean egin behar zuten material aukeraketa bertan behera geratu zen hezetasunarengatik, eta gaur frontoia baldintza hobean egongo dela espero da. Partida baino lehen egingo dute aukeraketa. Josebak eta Ladisek euren bigarren puntua lortu nahi dute, eta Oinatzek eta Arangurenek, berriz, hutsik duten poltsikoa lehen puntuarekin betetzea. Puntuen faltan dauden bi bikoen arteko lehia da gaurkoa eta, hortaz, partida estua espero da. 

Binakako hasierako ligaxkako 5. jardunaldia bukatzeko, astelehenean, Amezketan, Urrutikoetxearen eta Imazen kontra ariko dira Altuna III.a eta Mariezkurrena II.a (22:30, ETB1).