Pilota

Bi porrot mingarri eta aireratze itxaropentsu bat

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 1a, 10:45
Jipoi oso gogorra jaso zuten atzo Jakak eta Martijak.

Elezkano eta Zabaleta liderrek lehendabizikoz galdu dute Binakako Txapelketan, Jakak eta Martijak porrot oso mingarria sufritu behar izan dute eta Ezkurdiak eta Ladis Galarzak garaipen itxaropentsua lortu dute

Binakako Txapelketako 5. jardunaldiak gure pilotariendako gazitik gehiago izan du gozotik baino. 

Ongi hasi zen jardunaldia, ostiralean, Mallabian, Ezkurdiak eta Ladis Galarzak garaipen garrantzitsua lortu baitzuten profesional gisa bere 200. partida jokatu zuen Bengoetxea VI.aren eta Arangurenen kontra. Partida estu joan zen eta tantoak oso borrokatuak izan ziren, eta hasieratik parekotasuna egon zen. 0 eta 4 aurreratu ziren Artola ordezkatu zuen Oinatz Bengoetxea eta Aranguren, baina Aspekoek berehala erantzun zuten eta 7 eta 4 jarri ziren aurretik. Baikokoek ere aurreratzea lortu zuten, 12 eta 13, baina hortik aurrera Ezkurdiak eta Ladis Galarzak hartu zuten agintea, eta nahiz eta arerioak oso gertu izan, 21 eta 17 jarri ziren aurretik. Bengoetxeak eta Arangurenek 21 eta 19 gerturatzea lortu zuten, baina garaipenaren tantoa Ezkurdiaren eta Arangurenen aldera erori zen eta bigarren puntu oso garrantzitsua lortu zuen bikoak. Behetik gora, bide onean jarraitzen dute Ezkurdiak eta Ladis Galarzak, konfiantza gehiagorekin. 

Labrit, atzelarien arteko borroka estua
Larunbatean ikusmina handia zen. Elezkano eta Zabaleta liderrek Peña II.a eta Albisu zituzten arerio non eta Labriten. 5 hilabete luze partida profesionalik hartu gabe, Labritera itzultzeko gogoz zeuden pilotariak eta baita pilotazaleak ere, nahiz eta Bombonerako ohiko giro eta animo oihuak entzuterik ez izan. Bi atzelari indartsuren arteko lehia estua espero zen, eta Zabaletak eta Albisuk ez zuten huts egin. 
Hotz atera ziren kantxara Elezkano eta Zabaleta, eta hoztasun hori garesti ordaindu zuten, Peñak eta Albisuk 8 tanto egin baitzituzten segidan. Peñak min handia egin zuen sakearekin eta Elezkano gainditu zuen. Hala ere, liderrek egoerari buelta eman zioten. Zabaleta lanean hasi zen eta, gutxika, Aspekoak tantoak egiten hasi eta hamarrera berdintzea lortu zuten. Behetik gora egitea lortu zuten, hori bai, oso gogor lan eginez. Esperotakoa bete zen: atzelari handien borroka izan zen larunbatekoa. Zabaletaren eta Albisuren pilotakadak ikusgarriak izan ziren, tantoak, gogorrak, eta lehia, oso estua. Emozioz betetako partida izan zen, publikoa egonez gero Labrit behin eta berriz zutiaraziko zuena. Hamarnako berdinketatik hemeretzinako berdinketara 7 berdinketa izan ziren, bizitako lehia gogorraren isla. Inork ez zuen ezer oparitzen. 

Elezkano eta Zabaleta 19 eta 16 jarri ziren aurretik, baina partida hasiera kaxkarrari aurre egiteko egin beharreko lan gogorra nabaritu zuten azken txanpan, eta garesti ordaindu zuten. Peñak eta Albisuk 20 eta 22 irabaztea lortu zuten 67 minutu iraun zituen eta 622 pilotakada gurutzatu ziren partida gogorrean. 

Bilbokoa, ahazteko modukoa
Atzo Jakak eta Martijak Olaizola eta Rezusta izan zituzten aurkari Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Eskuin eskuko arazoak gainditu eta jokatzeko moduan zegoela erabaki zuen Martijak ostegunean, tako ezberdinekin jokatuko zuela, tako gehiagorekin. Entrenamenduetan nahiko ongi aritu zela. Baina atzo, aldiz, infernu latza bizi behar izan zuen Etxeberriko atzelariak. 

Olaizola eta Rezusta ezin hobe aritu ziren bitartean, euren mailatik oso urrun ibili ziren Jaka eta Martija. Julen Martijak ez zuen pilotakadarik gozatu. Partida bukaeran azaldu zuen ez zuela eskuan minik sentitu, baina ohi baino tako gehiagorekin oso deseroso aritu zela eta ez zuela gozatu. Martijak pilota asko utzi zizkion Olaizolari eta goizuetarrak ez zuen gupidarik izan. Bikain aritu zen aurreko koadroetan, bere egun onenetan bezala jokatu zuen eta ez zuen barkatu. Rezusta ere fresko zebilen atzean, agintzen. Hiru pilota errebote ingurura bidali zituen, eta hori, Bizkaia bezalako frontoi luzean, asko esatea da. Ondorioz, Jakak eta Martijak ezer gutxi egiterik izan zuten eta sekulako jipoia jaso zuten. 2 eta 22 galdu zuten, ahazteko moduko partidan. 

Gaur, Tolosan
Gaur despedituko da Binakako hasierako ligaxkako 5. jardunaldia, Urrutikoetxeak eta Imazek Altuna III.aren eta Mariezkurrena II.aren kontra jokatuko duten partidarekin. Hasiera batean Amezketan jokatu behar zen partida, baina hezetasuna dela eta Tolosako Beotibarrek hartuko du gaueko 22:30ean hasiko den jaialdia (ETB1).