Langabezia

Urte batean 305 langabe gehiago

Guaixe 2021ko ots. 8a, 13:30

Urtea 887 enplegu eskatzailerekin hasi genuen eta akaberan 1.192 ziren. Joan den urtean langabezian gelditu zirenen %60 gizonezkoak ziren (183) eta %40 emakumezkoak (120)

COVID-19 gaitzak markatutako urtean ekonomia jarduerek atzera egin zuten eta, ondorioz, langabezia handitu egin zen Sakanan, 887tik 1.192 langabetu izatera pasaz. Urteko lehen erdian 185 sakandar izan ziren lana galdu zutenak (%60,65); bigarren erdian, gainontzeko 120ak (%39,34). Generoari erreparatuta, urte hasieran langabezian zeudenen %55,03 (656) emakumezkoak ziren eta gizonezkoak, berriz, %44,97 (536). Gizonezkoen langabezia 5,17 puntu igotzeak ekarri du generoen arteko aldea txikitzea, 2019 akaberan %60,2 eta %39,8 baitzen. 

 

 

Adina eta sektorea

Adinari erreparatuta, langabe kopururik handiena duen lan taldea 45 urte edo gehiagokoena da, %48,15. Guztira 574 dira lan merkatuan sartu nahi dutenak, aurreko urtean baino 76 gehiago, langabe berrien %24,92. Lan eskatzaileen kopuruari erreparatuta hurrengo taldea 25 eta 44 urte artekoa da, %39,85. Langabeen 475k dute adin hori, urte batean 145 gehiago, 2020an langabezian gelditu zirenen %47,54. Kopuruari dagokionez, azken adin taldea 25 urtez azpikoena da, %12 (143). Joan den urtean adin tarte horretako 76 gazte gehiago gelditu ziren langabezian, 2020ko langabeen %24,92. 

COVID-19ak ez du aldaketarik ekarri sektorekako langabezia joeretara. Langabe gehienak, 705  (%59,14; 2019an baino 113 gehiago, joan den urteko langabeziaren %43,61), zerbitzuen arloan lan egiteko prest leudeke. Industrian lan egin nahiko lukete 316 pertsonak (%26,51; 117 gehiago, hazkundearen %38,36). Eraikuntzan lanean 44 langabek aritu nahiko lukete (%3,69; 2019ko kopuru bera) eta lehen sektorean, berriz, 33 langabek (%2,77; 12 gehiago, langabe berrien %3,93). Azkenik, aurretik enplegurik izan ez eta lanean aritu nahi luketen 94 sakandar zeuden izena emanda enplegu bulegoan. 

 

Herrika
2019ko akaberatik 2020kora Urdiainen (6), Ergoienan (2) eta Irañetan (1) jaitsi da langabezia. Gainontzeko herrietan igo egin zen. Sakanako langabeziaren ia erdia Altsasun zegoen urte hasieran, zehazki % 46,22 (551, 2019rekin alderatuta 153 langabe gehiago). Ehunekoei erreparatuta hurrengo herria Irurtzun da, ibarreko langabeen %12,58rekin (150, +29). Bi herri dira Sakanako langabe kopurua %8tik gora dutenak: Olatzagutia %9,82 (117, +36) eta Etxarri Aranatz %8,81 (105, +24). 

Gainontzeko udalerrietan langabezia ibarreko %5etik behera dute: Arakil %4,03 (48, +15), Lakuntza %4,11 (49, +11), Arbizu %3,61 (43, +9), Uharte Arakil %2,77 (33, +9), Iturmendi %2,27 (27, +15), Urdiain %1,76 (21,-6), Ziordia %1,68 (20, +9), Bakaiku %1,09 (13, +3), Ergoiena %0,59 (7, -2), Irañeta %0,42 (5, -1) eta Arruazu %0,25 (3, +1). 

Kontratazioa
Nafarroan joan den urtean sinatu ziren 305.030 kontratuen %2,1 sakandarren sinadura dute, 6.405. Herrialdean aurreko urtean baino 93.787 kontratu gutxiago sinatu dira (%23, 51 gutxiago) eta ibarrean, berriz, 1.954 (%23,37 gutxiago). Langabezia datuetan generoen arteko aldea 5 puntukoa bada, kontratuetan 3 puntura txikitzen da aldea (%52,91 gizonezkoak, %47,09 emakumezkoak). Hau da, emakumezkoek kontratu labur gehiago sinatzen dituzte (3.389 gizonezkoen kontratuak, 3.016 emakumezkoenak). 

Sakanan joan den urtean sinatu ziren kontratuen %92,68 hasieratik aldi baterakoak ziren (5.936). sinatu ziren kontratuen %4,47 mugagabe bihurtu zirenak dira (286). Eta, azkenik, hasieratik mugagabe ziren kontratuak %2,86 izan ziren (183). Sektoreei erreparatuta, zerbitzuen arloan sinatu ziren kontratuen ia erdia: %49,02 (3.140). Ia beste erdia industrian aritu ziren langileen sinadura du: %46,85 (3.001). Eraikuntzari lotutako kontratuak %3,14 izan ziren (201) eta, azkenik, lehen sektorerako langileen kontratuak %0,98 izan ziren (63). 

Joan den urtean Sakanako kontratuen %42,78 altsasuarrek sinatu zituzten (2.740). Bi zifrako portzentajea duen udalerria Irurtzun da: %14,36 (920). Kontratuen %5 eta %9 artean daude Sakanako sei udalerri: Lakuntza %8,73 (559), Etxarri Aranatz %7,65 (490), Uharte Arakil %6,1 (391), Arbizu %6,01 (385), Olatzagutia %5,48 (351) eta Urdiain %5,46 (350). Gainontzeko zortzi udalerrien kontratazio ehunekoa %1,5 baino txikiagoa da: Arakil %1,47 (94), Bakaiku %0,45 (29), Ergoiena %0,42 (27), Iturmendi %0,39 (25), Ziordia %0,39 (25), Irañeta %0,16 (10) eta Arruazu %0,14 (9).