Pilota

Binakakoa: bide ona berreskuratzera

Guaixe 2021ko ots. 5a, 13:00
Ezkurdiak eta Galarzak konfiantza gehiago eman dien garaipena lortu zuten aurreko ostiralean. Argazkia: Pedro Urresti.

Binakako hasierako ligaxkako 6. jardunaldian Ezkurdiak eta Ladis Galarzak garaipenaren xendan jarraitu nahi dute, Elezkanok eta Zabaletak lidergoari eutsi nahi diote eta Jakak eta Martijak Bilboko porrota atzean utzi nahi dute

Binakako Txapelketako azken jardunaldiak gazitik gehiago izan zuen gozotik baino. 5. jardunaldiak bi porrot mingarri, Elezkano-Zabaletarena eta Jaka-Martijarena, azken hauena bereziki, eta Ezkurdia-Galarzaren garaipen itxaropentsua utzi zituen. Asteburuan Binakako hasierako ligaxkako 6. jardunaldia jokatuko da eta jokoan dauden puntuak eskuratu nahi dituzte pilotari sakandarrek. 

Elezkano II.ak eta Zabaletak jarraitzen dute lider, 4 punturekin, Altuna-Mariezkurrenarekin eta Olaizola II.a-Rezustarekin puntutara berdinduta dituztela. Peña II.a eta Albisu 4. postuan daude (3 puntu), Ezkurdia-Galarzak eta Urrutikoetxea-Imazek bina puntu dituzte, Jaka-Martijak puntu bat eta Artola-Arangurenek ixten dute sailkapena, punturik gabe.

Ezkurdiak eta Ladis Galarzak bide onari segida eman nahi diote
Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Olaizola II.a eta Rezusta izanen dituzte aurkari ostiralean Azkoitian (22:15, ETB1). Asteazkenean egin zuten material aukeraketa, eta bi bikoek adierazi zuten “partida zaila” dutela aurretik. 

Ezkurdia eta Ladis Galarza txapelketan behetik gora egiten ari dira. Gaizki hasi ziren, baina azken bi jardunaldiak irabazi dituzte eta euren arteko konfiantza bereganatzeko ezin hobe etorri zaie hori. Aurreko ostiralean Bengoetxea VI.ari eta Aranguren 21 eta 19 hartu zituzten mendean, partida oso lehiatu eta paretsuan. Egindakoarekin gustura, bide onean jarraitu nahi dute, baina arerio oso latzak dituzte aurrean ostiralean, jokatutako 5 partidetatik 4 irabazi dituzten Olaizola II.a eta Rezusta. Azken hauek lidergoa eskuratu nahi dute, bikain ari dira jokatzen –igandean 2 tantotan utzi zituzten Jaka eta Martija–, eta faboritoak dira, baina Ezkurdia eta Ladis Galarza euren jokoa egiten saiatuko dira, partidari erritmoa jartzen eta pilotari abiadura ematen, eta ea Olaizola jokoz kanpo uzten eta Rezustari aurre egiten asmatzen duten. 

Elezkanok eta Zabaletak buru izaten jarraitu nahi dute
Larunbatean Elezkano II.ak eta Zabaletak Urrutikoetxearen eta Imazen kontra jokatuko dute Labastidan (17:15, ETB1). Liderrek euren lehen partida galdu zuten larunbatean Peña II.aren eta Albisuren kontra 5 hilabete luze partida profesionalik hartu gabe Binakakoan buru belarri murgildu zen Labriten. Zabaletaren eta Albisuren arteko borroka indartsua izan zen larunbatekoa. Hotz atera ziren kantxara Elezkano eta Zabaleta, eta arerioak 0 eta 8 aurreratu ziren. Zabaleta lanean hasi zen, eta gutxika, hamarrera berdintzea lortu zuten Aspekoek, eta partida izugarri gogortu zen. Zabaletaren eta Albisuren pilotakadak ikusgarriak izan ziren, tantoak, gogorrak, eta lehia, oso estua. Nahiz eta Elezkano eta Zabaleta 19 eta 16 aurretik jarri, azken txanpan hasieran egin beharreko lan gogorra garesti ordaindu zuten, Peñak eta Albisuk 20 eta 22 irabaztea lortu baitzuten 622 pilotakada gurutzatu ziren partida gogorrean. 

Larunbatean garaipenaren bidea berreskuratu nahi dute berriz Elezkano II.ak eta Zabaletak. Lider jarraitzen dute, baina puntu berdinekin daude Altuna-Mariezkurrena eta Olaizola II.a-Rezusta, eta jokoan dagoen puntua, beraz, garrantzitsua da. Baina euren 3. puntua litzatekeena lortu nahi dute Altunaren eta Mariezkurrenaren kontra galtzetik datozen Urrutikoetxeak eta Imazek, eta partida lehiatua espero da. 

Jaka eta Martija, Bilbokoa ahaztera
Astelehenean, otsailak 8, Jakak eta Martijak Artola ordezkatuko duen Bengoetxea VI.a eta Aranguren izango dituzte aurkari Zeanurin (22:30, ETB1). Sailkapena ixten duten eta puntuen falta larria duten bi bikoteen arteko lehia izanen da. 
Jaka eta Martija nahiko ukituta iritsiko dira partidara. Igandean Olaizola II.aren eta Rezustaren kontra jipoi gogorra jaso zuten. 22 eta 2 galduta, sufrikario latza bizi behar izan zuten. Eskuin eskuko arazoak gainditu eta jokatzeko moduan zegoela erabaki zuen Martijak eta tako ezberdinekin jokatuko zuela iragarri zuen, tako gehiagorekin. Entrenamenduetan nahiko ongi aritu zela aipatu zuen, baina igandean infernu latza bizi behar izan zuen Etxeberriko atzelariak. Ez zuen pilotakarik gozatu. Ez zuen eskuan minik sentitu, baina ohi baino tako gehiagorekin oso deseroso aritu zela aitortu zuen, ez zuela gozatu. Martijak pilota asko utzi zizkion Olaizolari eta goizuetarrak ez zuen gupidarik izan. Bikain aritu ziren Olaizola eta Rezusta, eta euren mailatik oso urrun ibili ziren, aldiz Jaka eta Martija. Horrela, bi tantotan utzi zituzten Jaka eta Martija ahazteko moduko partidan. Eta hori da, hain zuzen ere, Jakak eta Martijak nahi dutena. Orain artekoa ahaztea eta, behingoz, bigarren puntua litzatekeena lortu eta txapelketan aireratzen hastea. Baina asmo bera dute oraindik garaipenik lortu ez duten Bengoetxeak eta Arangurenek. Jokoan asko dago, zuloan nor gelditzen den, hain zuzen ere, eta ikusi behar Zeanuriko lehiak zer ematen duen. 

Binakako 6. jardunaldiarekin bukatzeko, igandean Eibarko Astelenak Altuna III.a-Mariezkurrenaren eta Peña II.a-Albisuren arteko lehia hartuko du (17:00, ETB1).