Energiaren ikuspegitik Landa Iraunkortasuna lortzea. Helburu hori lortzeko elkarlanean ari dira Nafarroako hiru Tokiko Ekintza Talde. Horretarako, energiaren aurrezpena eta energia berriztagarriak sustatzen hasi dira, energia aurreztearen eta iraunkortasunaren gaineko aholkularitza- eta akonpainamendu-zerbitzua eskainiz herritar eta tokiko entitate guztiei. Egiteko horretaz Cederna Garalur arduratzen da Sakanan.
Aholkularitza eta akonpainamendua eskaintzeko, hiru Tokiko Ekintza Taldeek teknikariak kontratatu dituzte. Aditu horiek udal, kontzeju eta mankomunitateei laguntzen diete beraien erabakiak hartzen, energia-kontsumoak kontrolatu eta murrizten, energia-kontsumitzaile diren instalazio publikoetan inbentarioak egiten eta kontratuak berrikusten hobekuntzak proposatzeko. Prozesuaren garapena bermatzeko, laguntza teknikoa emanen diete Alkatetzen Paktuak ekimenera atxikitako udalei.
Etxebizitzetan energia aurrezteko eta energiaren eraginkortasunerako neurriak hartu nahi dituzten sakandarrek ere jo dezakete Cederna Garalurrek eskaintzen duen doako zerbitzu horretara. Bertan, gainera, etxebizitzetan energia berriztagarrien instalaziorako aukeren inguruan informa daitezke. Informazio hori sakandarren artean zabaltzeko Garalurren prestakuntza-tailerrak antolatzea aurreikusten du.
Horretaz aparte, Garalurrek sakandarrei energia-kontratuen eta bonu sozialaren tramitazioaren inguruko aholkularitza zerbitzua eskaintzen du. Horretarako, hala egiteko eskatzen duen etxebizitza guztien energia-faktura aztertuko da, kostuaz aparte, energia-kontsumoa ere aztertuz, haren eta, hortaz, kostu ekonomikoaren murrizketarako neurriak proposatu ahal izateko. Landa Iraunkortasuna proiektua Nafarroako Gobernuak (%35) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak, FEADERrek (%65) finantzatu dute.
Informazio gehiagorako
Cederna Garalurren 697 655 664 telefonora hots egin edo infoenergia@cederna.es e-postara idatzi. Argibide gehiagorako www.cederna.eu webgunera jo.