Sakana Lanbide Heziketako (LH) institutuan ez da Mendi Ertaineko eta Eskaladako Kirol Teknikari zikloko hiru ikastaroetako bat bera ere eskainiko heldu den ikasturtean. Ikasketa horiek beste nonbaitera eramanen dituzte. Hala jakinarazi zion Hezkuntza Departamentuak institutuko zuzendaritzari abenduaren 23an, inolako argibiderik eman gabe (ikastetxeko irakasleek oporretatik bueltan izan zuten horren berri). Institututik galdetuta, hezkuntzako arduradunek adierazi dietenez, “diskrezioagatik ez da egokia informazio hori zuek jakitea”.
Irakasleek jakin ahal izan dutenez, Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko 18/2019 Foru Legearen 17. xedapen gehigarrian oinarritu da departamentua aldaketa egiteko. Hartan jasotzen denez, Hezkuntza Departamentuak Jarduera Fisikoaren Familiako Lanbide Hezkuntzako eskaintza publikoa eginen du Iruñerrian. “Horrek ez du esan nahi lege horrek behartzen duenik eskaintza hori gure ikastetxetik kentzera”.
Departamentuak hartutako erabakiak “harridura eta ezinegona” sortu du irakasleen artean. Kendu nahi dituzten ikasketak Sakana LH institutuan zortzigarren ikasturtea dute aurten. Zentroko irakasleen arabera “ikasketak ikastetxean kontsolidatuak daude, duten izenagatik Sakanako eta inguruetako ikasleak hartzen ditu. Ikasketa horien eskaera handia dago, taldeak bete egiten dira eta ikasleak kanpoan gelditzen dira”.
Ondorioak
Irakasleen taldearen iritziz, ziklo horiek institututik kentzeak “ikastetxeari erreferentzialtasuna eta ikusgarritasun handia kenduko dio, ikastetxea kanpoan ezagutarazten dutelako eta eta gainontzeko zikloetarako ikasleak hartzeko eragin positiboa duelako”. Irakasleek jakinarazi dutenez, ziklo horietako ikasleak zentroko ikasleen %20 dira. “Azken inkestetan ziklo horietako ikasleek 7,5arekin baloratu dute zikloak emateko modua eta 9,6arekin irakasleengandik jasotako arreta”.
Aldi berean, institutuko irakasleek jakinarazi dutenez, “ikasleak praktiketan hartzen dituzten enpresek 9ko notarekin baloratu dute haien prestakuntza”. Gaineratu dutenez, “ziklo horietako ikasleek gainontzeko ikasleekin egindako proiektuetan sortutako sinergiak balio erantsia dira gure ikasleen prestakuntza osorako”. Azpimarratu dutenez, Mendi Ertaineko eta Eskaladako Kirol Teknikari ikasketak ikastetxearen hezkuntza eskaintza dibertsifikatzeko balio du.
Irakasleek azpimarratu dutenez, “ikasketak Irunberrira eramateak ez du laguntzen Nafarroako gizarte eta lurralde kohesioan. Eta ez dakar eskualdeen sozioekonomia garapen orekatua”.
Turismoa
Irakasleek Sakanako Plan Estrategikoan jasotakoari ere erreparatu diote, “ziklo horiek Sakanaren turismo garapenari ekarpena egiten baitiote”. Izan ere, “ondare baliabideak identifikatu eta haiei eta Sakanako turismo baliabideei balioa emateko aukera ematen dute”. Baita “Sakana helmuga gisa bultzatzeko ere balio dute, ikasleek praktikak egiten dituzten enpresek ibarra turismoaren helmuga eskaintza egiten baitu”. Gaineratu dutenez, “lan autonomoaren bidez, turismo enpresak sortzeko bultzada dira ikasketak”.
Horrekin batera, irakasleek gaztigatu dute eskualdeko merkataritzari eta ostalaritzari eta etxebizitzen alokairuari edo landa etxeen erabilerari bultzada ematen dietela ikasketa horiek. Azkenik, azpimarratu dute ibarreko herri eskolekin batera egindako zikloen bidez, ikasleen prestakuntza integralari ekarpena egiten dietela.
Bilera
Irakasleek klaustroa biltzea eskatu zuten eta Hezkuntza Departamentuko ordezkaria etorri arte halakorik ez zela eginen jakinarazi zieten. Beraz, asanbladan bildu eta lantaldea sortzea erabaki zuten joan den astean. Asteazkenerako hainbat eragile bilera deitu zituzten. Han izan ziren Sakanako Garapen Agentzia, Nafar Lansare, Bidelagun (Sakanako turismo elkartea), Herri Eskolak, Altsasuko Zelandi eskola, Altsasuko alkatea eta CCOO, ELA, LAB eta Steilas sindikatuak. Haiek guztiek eta Sakanako Mankomunitatea eta Sakanako ikastetxe publikoetako zuzendarien ordezkaritzak, Afapnak eta institutuko irakasle eta langileen ordezkariak prentsaurrekoa eman dute gaur.
Egoeraren berri eman eta eman dituzten pausoak jakinarazteko. Alde batetik, Geroa Baik, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak hezkuntza kontseilariaren agerraldia eskatu dute Nafarroako Parlamentuan. Sindikatuek, bestalde, sektoreko mahaiaren bilera eskatu dute.
Datuak
3 kurtso. Mendi Ertaineko eta Eskaladako Kirol Teknikari ziklo ertainak lehen kurtsoa komuna du. Bigarrenean ikasleek espezialitatea aukeratu behar dute.
16 ikasle. Koronabirusagatik gelako ikasle kopuru hori onartu da, ikasketetan interesa zuen jendea atzera botaz.
8 irakasle. 6 espezialitateak erakusten dituztenak eta beste pare bat. Haietatik bakarra da finkoa.
30 bat. Institutuak irakasle kopuru hori du. Haietatik bostek besterik ez dute plaza finkoa. Irakasleen artean behin-behinekotasuna handia da.
220 bat. Horiek dira gaur egun Sakana Lanbide Heziketa institutuan ikasten dutenak.