Gutuna

Pentsiodunak hiru urte martxan

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Barriola 2021ko ots. 8a, 09:20

Aspaldikoa da pentsiodunen bizi baldintzak estutzeko joera. Lana egin bitartean nagusiaren poltsikoa handitzen duena sobran dago lana uzten duenean. Pentsioaren gastuak ez omen dira produktiboak eta, horregatik, beti, miseria izanda ere, gehiegizkoak dira.

Aspaldikoa da zahartzaro lasai eta ziur baten desioa manipulatzeko plana: pentsio pribatuak martxan jarri eta hori errazteko desgrabazio fiskala. Hau da, diru publikoa oparitu pentsio fondoak eta bankuak aberasteko. Aspaldikoa pentsio kantitatean dauden diferentziak: bi guztiz eskandalagarriak aipatzearren: Rouco Varela jubilatu zen, urrezko etxe batekin (milioi bat eurokoa) eta urrezko pentsioarekin; bestea Juan Carlos de Borbon jauna, pentsioa elefanteak suntsitzeko eta amoranteentzat txaletak egiteko erabiltzen duena. Aspaldikoak dira, krisi ekonomiko bakoitzaren aurrean, pentsioetan murrizketak egiteko joera. 2008ko krisiaren ondoren, murrizketak monumentalak izan dira: milioika gazte langabezian, eta jubilatzeko adina 67 urtera eraman; pentsioa kobratzeko kotizazio urte kopurua handitu, baina lanean eta lan prekarioan hasteko adina atzeratu eta kontratuak oso laburrak eta langabezia epeak luzeak; bataz besteko bizitza adina luzatzen bada –nonbait lorpen sozial bat–, orduan pentsiodunei zigortu, pentsio kopurua murriztuz.

2011n eta 2013an egin ziren Pentsioen Erreformak. Bata PSOEren gobernuak eta bestea, gogorragoa, PPren gobernuak. Sindikatuek deituta, greba orokorrak egin ziren sindikatuek deituta. Kasurik ez. Duela urte batzuk, amorrua piztu zuen karta bat jaso zuten pentsionistek. Rajoyren Gobernuko Fatima Bañez ministroak eskutitza bat bidali zuen. %0,25 famatua egin zen. Bizitza %1,5 garestitu zen eta Rajoyren gobernuak %0,25eko igoera aldarrikatzen du, gobernuaren ontasunaren erakusle gisa.

Amorruz milaka eskutitza itzuli ziren. Amorru hartan piztu ziren kaleko manifestazioak. Altsasun hasierako mobilizazioak gogoratzen dituzte batzuk: 13 pertsona pankarta atzean. Gero handiagoak egin ziren. Duela hiru urte Bilboko manifestazio erraldoia: Pentsionistak Kalera! Altsasun ere egin zen, duela urte batzuetako martxoaren 3an, pentsiodunek deitutako manifestazio gogoangarria: 236 langile, pentsiodun eta gazte kalean izan ziren. Geroztik leku askotan egin dira. Astelehenetan, 12:00etan biltzen dira Altsasuko pentsionistak, eskaera mantenduz.

Denbora honetan guztian pentsionisten mugimendua sendotu da eta bere eskaerak zabaltzen joan dira: pentsio duina, 1.080 euro; pentsioak eusteko soldata duina: 1.200 euro; Osasunean egindako murrizketek, jubilatuei ukitzen die bereziki: kopagorik ez! 

Ez da justua;  gizon pentsiodunen eta emakume pentsiodunen arteko arrakalak amaitu behar du. 
Zahar egoitzetako egoiliarrak pentsiodunak dira, eta ez daude ondo zainduak. Pentsiodunen mugimenduak, behin eta berriz, esaten du: “gure arazoa da”. Baina ez da bakarrik gure arazoa. Gizarte osoaren arazoa da. Belaunaldien artean eskua luzatu behar dugu eta elkarri lagundu, elkarri zaindu. Oraingo gazteen guraso edo aiton amonak dira gaurko pentsiodunak; oraingo gazteak izango dira geroko aiton amonak eta erne! gerorako miseria ari dira prestatzen. Pentsio sistema publikoa ospizioetako karitatea bihurtu nahi dute.

Horrela, otsailaren 13an guztiok aukera dugu –lanean daudenak, bereziki egoera prekarioan daudenak; ordaintzen ez diren lana (etxeko lana deitzen zaio) egiten duten emakumeak; zahar egoitzetan senideak dituztenak; pentsioen kantitatean generoaren araberako arrakala jasaten duten emakumeak; miseriako pentsioa kobratzen duten alargunak, lana aurkitu ezinik dabiltzaten gazteak…)– kalera ateratzeko eta ondokoa kantatzeko: “Pentsiodunak aurrera, goazen bizitza duina lortzera. Aupa, zahar eta gazte, etorkizuna argitzera, zaintza lana goratzera, elkartasuna ereitera, naturarekin orekan… Hemengoak eta hangoak, gizonak eta emakumeak, berdintasuna zutoina, duintasuna eraiki elkarrekin”.