Pilota

Binakakoa: Ea Martijak jardunaldi borobilari ginda jartzen dion

Guaixe 2021ko ots. 8a, 11:45

Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak 10 tantotan utzi zituzten Aimar Olaizola eta Beñat Rezusta eta Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak garaipen garrantzitsua lortu zuten Urrutikoetxearen eta Imazen kontra (16 eta 22). Gaur Jakak eta Martijak euren bigarren puntua lortu nahi dute Bengoetxea VI.aren eta Arangurenen kontra (22:30, ETB1)

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako 6. jardunaldia gaur despedituko da, Jakak eta Martijak Oinatz Bengoetxearen eta Arangurenen kontra gaur Zeanurin jokatuko den partidarekin (22:30, ETB1). Sailkapena ixten duten bi bikoteen arteko partida gogorra izango da gaurkoa, bi bikoak bai hala bai puntuatu beharrean daudelako. Euren lehen puntua nahi dute Bengoetxeak eta Arangurenek, eta euren bigarrena litzatekeena, aldiz, Jakak eta Martijak. Bidea zuzendu nahian dabiltza Jaka eta Martija eta ea lortzen duten, horrela Martijak gainontzeko sakandarrek egindako jardunaldi borobilari ginda jarriko bailioke. 

Ostiralean Ezkurdia eta Ladis Galarza ikusgarri aritu ziren Olaizola II.aren eta Rezustaren aurka. Olaizola eta Rezusta ziren faboritoak, baina sorpresa ederra eman zuten Arbizukoak eta Baraibarkoak. Ladis Galarza segurtasun handiz aritu zen, Rezustaren pare, eta horrek Ezkurdiari lasaitasun handia eman zion. Horrela, aurreko koadroetan murgildu zen arbizuarra, jokoan gehiago sartu zen eta min handia egin zion Olaizolari. Partidako jaun eta jabea izan zen Ezkurdia. Aldiz, Olaizolak eta Rezustak ez zuten orain arteko mailarik eman, makina bat pilota galdu zituzten eta ez ziren fin ibili. Ezkurdia eta Ladis, aldiz, eroso ibili ziren eta merezitako garaipena lortu zuten, 10 eta 22 gailendu eta gero. 

Larunbatean, Labastidan, garaipenaren bidea berreskuratu zuten Elezkano II.ak eta Zabaletak. Urrutikoetxea eta Imaz izan zituzten aurkari guztira 661 pilotakada gurutzatu ziren partida gogorrean. Hasieran 5 eta 11 aurreratu ziren Elezkano eta Zabaleta. Jose Javier sendo zebilen atzean, agintzen, eta Elezkanok ongi zekien jokoan noiz sartu behar zuen eta jokoaren ardura Zabaletari noiz utzi behar zion. Baina Baikokoek ez zuten etsi, eta lan gogorra egin eta gero 16 eta 15 aurreratzea lortu zuten. Une horretan Elezkanok pausu bat eman zuen aurrera, partidaren ardura gainean hartu eta erasoan hasi zen. Oldarkor aritu zen, erasoan ausarta eta eraginkorra, eta orain arteko bere partidarik onena egin zuen, 15 tanto ere lortuz. Atzean Zabaletaren babesa zuela, biak zuzenean j22raino joan ziren eta 5. puntua lortuta, lidergoari eustea lortu zuten. 

Eta atzo, Eibarko Astelenan, Altunak eta Mariezkurrenak Peña eta Albisuren kontra garaipen oso garrantzitsua lortu zuten partida oso paretsuan, 22 eta 21 irabazita. Horrela, sailkapeneko buruan Elezkano eta Zabaleta daude eta bigarrenak Altuna III.a eta Mariezkurrena dira, biak bosna punturekin. Ezkurdia eta Ladis Galarza bosgarrenak dira sailkapenean, 3 punturekin, eta gaurko emaitzaren faltan, Jaka eta Martija zazpigarrenak eta azkenaurrekoak dira, puntu bakarrarekin.