Pilota

Tanto batengatik garaipenik gabe geratu ziren Martija eta Jaka

Guaixe 2021ko ots. 9a, 10:20

Nahiz eta 21 eta 18 aurretu, Bengoetxeak eta Arangurenek 21 eta 22 irabazi zieten Zeanurin jokatutako lehia oso estuan

2021 urtea ez da ongi hasi Julen Martijarendako eta Erik Jakarendako. Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 6 partida jokatu dira eta soilik bakarra irabazi dute. Atzo, Zeanurin, oraindik garaipenik gabe zeuden Bengoetxea VI.a eta Aranguren izan zituzten aurkari. Sailkapena ixten zuten bi bikoen arteko lehia gogorra izan zen atzokoa eta Martijak eta Jakak garaipena eskutan izan zuten, 21 eta 18 aurreratuta egon baitziren, baina Bengoetxeak eta Arangurenek tentsioa eusten jakin zuten eta, azkenean, 21era berdindu eta partida irabaztea lotu zuten, txapelketako euren lehen puntua lortuz. 

Zeanuriko partidan tentsioa eta urduritasuna izan ziren nagusi, eta nahiko irregular aritu ziren lau pilotariak. Oinatz Bengoetxea izan zen lasaien aritu zena. Bi bikoteak parez pare ibili ziren, eta horren isla, 12ko berdinketatik aurrera 7 aldiz berdindu izana. Martija aurrekoan baino hobe aritu zen, baina eskuinarekin gozatzeko duen erraztasunaren falta sumatu zitzaion. Azken txanpan Martijak eta Jakak hiru tantoko aldea lortu zuten, Jakaren jokaldi eta gantxoei esker markagailuan 20 eta 17 aurreratu zirenean. Segituan 21 eta 18 aurreratu ziren eta jokoan zegoen puntua eskutan zuten. Baina Oinatz Bengoetxeak une erabakigarrietan burua hotz izaten badakiela erakutsi zuen beste behin. Txokoan egindako dejada bati esker, txapan jo zuen Martijaren boleari esker eta sotamano bati esker 21era berdintzea lortu zuten Baikokoek, eta azken tantoa sakez egin zuen Oinatzek. 

Sailkapena
Gauzak horrela, Binakako sailkapeneko liderrak Elezkano eta Zabaleta dira (5 puntu), Altuna eta Mariezkurrena bigarrenekin puntutara berdinduta. Olaizola II.a-Rezustak 4 puntu dituzte, Peña II.a-Albisuk eta Ezkurdia-Galarzak hiruna puntu, Urrutikoetxea-Imazek 2 puntu eta Artola ordezkatzen duen Bengoetxeak eta Arangurenek eta Jakak eta Martijak puntu bana.

7. jardunaldiak dakarrena
Asteburuan Binakako Pilota Txapelketako 7. jardunaldia jokatuko da. Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Urrutikoetxea eta Imaz izanen dituzte aurkari ostiralean Zierbanan (22:15, ETB1) eta materiala asteazkenean, 11:00etan, aukeratuko dute. Larunbatean, Labriten, Jakak eta Martijak Peña II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute (17:15, ETB1). Materiala ostegunean aukeratuko dute, 11:00etan. Elezkano II.a eta Zabaleta igandean lehiatuko dira, Logroñoko Adarragan, Olaizola II.aren eta Rezustaren kontra (17:00, ETB1). Ostegunean egingo dute piloten aukeraketa, 13:30ean. Eta, bukatzeko, astelehenean, Idiazabalen, Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak Artola eta Aranguren izango dituzte aurkari (22:30, ETB1). Asteazkenean, 13:30ean baztertuko dituzte pilotak.