Txirrindularitza

Azanzaren Euskadi Fundazioak atzo aurkeztu zuen 2021 denboraldia

Guaixe 2021ko ots. 10a, 11:18

Zuzendari altsasuarrak azaldu zuenez, helburu nagusienak bi izango dira: garaipenetatik gertu egotea izango da, UCI World Tourrerako gonbidapenak lortzeko, eta harrobi lanarekin jarraitzea

Derioko Euskaltelen egoitzak hartu zuen atzo Euskadi Fundazioaren 2021 denboraldiko aurkezpena. UCI Pro Team kategorian lehiatuko den Euskaltel Euskadi taldearen aurkezpena egiteaz gain, UCI Women´s Continental Team taldean lehiatuko den Laboral Kutxa emakumezkoen taldea eta 23 urtez azpiko afizionatuen mailan dabilen Laboral Kutxa taldea aurkeztu zituzten. Beraz, harrobia eta profesionalak, guztiak batera ageri ziren prentsaren aurrean. Helburua talde laranjak gutxika bere tokia berreskuratzea da, hau da, garai batean tropel nagusian izan zuen ikusgarritasuna lortzea. 

Jorge Azanza altsasuarrak 20 txirrindulari izanen ditu bere esanetara UCI Pro Team kategorian lehiatuko den Euskaltel Euskadi talde profesionalean. Angulo, Soto, Zhyhunou, Bravo, Martin, Azurmendi, Ballarin, Bou, Aranburu, Lobato, Irizar, Mate, Alonso, Aristi, Bizkarra, Iturria, Goikoetxea, Juaristi, Cuadrado eta Azparren dira. Jakina, lan ahalik eta onena egitea da helburua. “Garaipenetatik gertu egon behar dugu; hori da UCI World Tourrerako gonbidapenak lortzeko bidea” azaldu du. Espainiako Itzulian eta bestelakoetan egon nahiko luke talde laranjak, eta gonbidapen horiek lortzeko esandakoa, aurrean egon beharra dago. Ildo honetan, Xabier Mikel Azparren txirrindulariak adierazi du taldea “oso indartsu” ikusten duela. “Oso ondo hasi ginen lehenengo lasterketan bigarren postu batekin. Giro oso ona daukagu eta emaitza onak iritsiko dira seguru. Dudarik gabe, oso denboraldi ona izango da” azaldu zuen txirrindulariak. Momentuz Voltan, Euskal Herriko Itzulian eta Donostiako Klasikoan egongo da talde laranja eta helburua Espainiako Vueltako gonbidapena jasotzea da. 

Taldearen beste xedea harrobi lanarekin jarraitzea da. “Egitura profesionala elikatzeko gure haztegiak dira” nabarmendu zuen Jorge Azanza Euskadi Fundazioko zuzendariak. Aurten 300 neska-mutiko bilduko dira Euskadi Fundazioaren harrobiaren proiektura. Euskaltel da babesle nagusia eta 2023ra arteko kontratua dute sinatuta. Euskalteleko presidente Xabier Iturbek azaldu zuenez, “gure konpromisoa eskaintzen dizuet eta trukean guztion konpromisoa eskatzen dut”. Taldearen hiru zutabeak txirrindulariak, zaleak eta babesleak direla gaineratu zuen. “Elkarrekin euskal txirrindulariei txirrindulari profesional izateko aukerak ematen dizkiegu”  

Lasaren eta Mintegiren Laboral Kutxa
Eta harrobiaz ari garela, atzoko ekitaldian Euskaltel Euskadi talde profesionalaren harrobia aurkeztu zen ere, afizionatuen mailan ariko den Laboral Kutxa. Bi txirrindulari sakandar ibiliko dira bertan: Ailetz Lasa ziordiarra eta aurten afizionatuetan debutatuko duen Iker Mintegi altsasuarra. 

Halaber, UCI Women´s Continental Team taldean lehiatuko den Laboral Kutxa emakumezkoen taldea ere aurkeztu zuten atzoko ekitaldian. Emakumezkoen taldeak kategoria estreinatu du, eta Jon Lazkanoren gidaritzapean ariko diren 12 emakumeek, denboraldi berezia dute aurretik. Itzulia eta Durango-Durango lasterketak izango dira mugarri.