Mankomunitateak antolatuta, igandean ipar martxa eginen da Ergoienan barna

Guaixe 2021ko ots. 10a, 12:15

Igandean, goizeko 10:00etan Unanutik abiatuko da eta 3 orduko buelta izanen da, monitorearekin. Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan edo Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuan eman daiteke izena

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eta Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak antolatutako “Naturanitzean Gozatzen” programaren bigarren irteera igandean izanen da, otsailaren 14an. Hain zuzen ere, Ergoienan barna ipar martxa ibilaldia eginen da, goizeko 10:00etan Unanutik abiatuta. 12 urtetik gorakoendako ekimena da, monitore batek gidatuta. Lehenik eta behin ipar martxako teknikaren ikastaro laburra jasoko dute parte hartzaileek, eta ondoren 3 orduko ibilbidea eginen dute Ergoienan barna. Makilarik ez duenari, utziko zaizkie. Ilbeltzaren 24an Arakildik barnako ipar martxa egin zuten eta partaideak oso gustura aritu ziren. 

Izena emateko
Izena ematea zabalik dago Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 46 48 66 edo kirolak@sakana-mank.eus) edo Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuan (648 07 07 10 edo anitzartean@sakana-mank.eus). (Prezioa: Prezioa: 15 euro (12-25 urte bitartekoek eta 65 urtetik gorakoek 10 euro).