Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia hartzen dituen Oinarrizko Osasun Eskualdean dauden arazoetako batzuk nabarmendu ditu EH Bilduk: “langileak falta dira eta mediku lanpostu batzuk bete gabe daude; oporretara joaten diren edo aldi baterako ezintasuna duten plantillako langileak ez dira ordezkatzen; aurrez aurreko arreta ordutegia eta kontsultak murriztu dira; telefono bidezko tratamenduak…”
Koalizioko kideen iritziz, horrek guztiak “denboraren poderioz, erabiltzaileen artean etsipena eta frustrazioa eragiten ditu, osasun zerbitzu ona eta modu jarraituan jasotzen ez dutelako”. EH Bildutik gaineratu dutenez, “egoeraren larritasunari herri txikien berezko ezaugarriak batu behar zaizkio. Ziordian, esaterako, biztanleen %71 70 urtetik gorako pertsonak dira. Eta, Olatzagutian, mendekotasun handia dutenen kopurua nabarmen altua da”.
Mozioa
Altsasuko Oinarrizko Osasun Eskualdearen egoera hiru udaletan aztertuko da, EH Bilduk mozioa aurkeztu baitu. Koalizioak udalei eskatzen die, lehenik, “osasun-langilerik ez izateak eta osasun-arreta eskasa izateak eragindako kezkak adieraztea”. Horrekin batera, EH Bilduk nahi luke hiru udalak Nafarroako Gobernuari zuzentzea eskatzeko “Oinarrizko Osasun Eskualdean osasun arretaren arloan dauden gabeziak konpontzeko behar diren neurriak hartzeko”. Izan ere, koalizioko kideen iritziz, horrela, “ osasun arloko profesionalekin osasun arreta egokia emanen da, eta hutsik dauden lanpostuak betetzea bermatuko da”.
Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko udalek premiazko bilkurak eginen dituzte aste honetan aipatu mozioa aztertzeko. Esaterako, Altsasukoa ostegunean, 14:00etan, elkartuko da. Bitartean alkateak osasun arduradunekin harremanetan dira “lehendik datorren egoera” bideratzeko. Altsasuko alkate Javier Ollo Martinez astelehenean Osasun zuzendari Carlos Ortuondorekin hitz egin zuen astelehenean. Ziordiko alkate Olatz Irizar Martinezek Lehen Arretako iparraldeko arduradun Susana Mirandarekin hitz egin zuen ostiralean. Azkenik, Olatzagutiko alkate Joseba Vizuete Askargortak Lehen Arretako gerente Jesus Manuel Carpinterori hitzordua eskatu dio.