Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Nafarroako Toki Entitateen Idazkarien Elkarteko (ASSELNA) kideek bilera egin zuten atzo. Azken horren izenean Parlamentura joan ziren Eva Maria Lopez (Azkoiengo Udaleko idazkaria), Mari Carmen Chueca (Milagrokoa) eta Jesus Erburu (Eguesibarkoa) eta Isaac Valencia (Altsasukoa).
Bileran, ASSELNAko bozeramaileek toki entitate txikienetan idazkaritza funtzioaren “gehiegizko bitartekotasun maila” nabarmendu dute, baita haietan idazkari gutxiegi egotea ere. Plaza finkorik gabe 40 urte baino gehiago eman ondoren, eta Nafarroako Toki Administrazioa Erreformatzeko 4/2019 Foru Legean ezarritakoa gorabehera, ASSELNAko kideen iritziz, ez da lanpostu hutsak betetzeko unea. “Tokiko maparen erreformari eragiten dion paralisi-egoera dela eta, ez du zentzurik orain 1.500 biztanletik gorako udaletako idazkaritza-plazak soilik hornitzeak, eta are gutxiago, lege-iruzurretan luzaroan kontratatutakoen inguruan Europako epaiak eragindako segurtasun juridikorik ezarekin”.
Alde horretatik, ASSELNAko kideek aipatutako Foru Legean ezarritako “hiru urteko epea kentzea” eskatu dute, 1.500 biztanletik gorako Udaletan Idazkaritzako langileen bitartekotasuna behin betiko konpontzeko. Esan dutenez, “ez da aurrerapenik egin eskualdeen sorreran, behin-behinekotasuna areagotzen ari da, eta segurtasun juridikorik eza, eskubidearen ziurtasunik eza, oso kontuan hartu beharreko balazta da. Bestela, sortutako egoera larriagotu egin liteke”.
Bestalde, Unai Hualdek konpromisoa hartu zuen parlamentuko taldeetako bozeramaileei ASSELNAk planteatutako lege irtenbidea helarazteko. Haren ordezkariei proposamena zuzenean Lurralde Kohesioko Batzordean azaltzeko eskatu die. Hualdek aitortu du toki entitateetako idazkarien bitarteko egoera “Nafarroako toki esparruan zintzilik dagoen gai handienetako bat dela. Gai hori behin betiko baztertu da, eta komenigarria litzateke behin betiko ekitea”.