Etxarri Aranazko San Donato eskola publikoko 5. mailako 14 ikasle eta Olatzagutiko Domingo Bados eskola publikoko 4 mailako 19 ikasle beraien proiektuei azken ukituak ematen ari dira. Klasean landutakoa Iruñean aurkeztuko dute igandean. 29 ikasle sakandarrek (Etxarriko lau ez dira joanen) eta haien irakasleek XIII. First Lego Leaguen parte hartuko baitute.
Olatzagutiko eskolako irakasle Andoni Garabieta Fortunak azaldu duenez, lau talde osatu dituzte ikasleek eta proiektu bana landu eta aurkeztuko dute domekan Iruñean. “Azaroan hasi ginen. Dena berria zen. Robotika ezagutza gutxieneko batzuk jaso zituzten ikasleek. Piezak nola erabili, sentsoreak eta motorrak ulertu eta programazioa landu dute. Praktikatzen ikasi dute”.
Etxarri Aranazko eskolako irakasle Oihana Urdangarin Iriartek azaldu duenez, Dinabideren eta Iruñeko Planetaroioaren eskaintza jaso zuten. Haiek ere azaroan hasi ziren guztia prestatzen. “Normalean irailean hasten dira. Guk denbora falta handia izan dugu. Larunbatetan ere etorri behar izan dugu”. Edukiak eskola curriculumean sartu badituzte ere, eskolaz kanpoko jarduera baten laguntza baten premia sumatu du Urdangarinek.
Egitasmoak
Mugikortasuna hobetzeari eta kirola sustatzeari buruzko proiektuak landu behar zituzten parte hartzaileek. Guztira 18 talde arituko dira etzi. Olatzagutiko irakasleak azaldu duenez, “Proiektu desberdinak dira. Batez ere inklusioa landu dute. Itsua edo garun paralisia duen pertsonekin jolas inklusiboak, denondako jolasak nola egin landu dute. Konfinamendu egoeran etxean zer kirol egin daitekeen jakiteko aukera ematen du beste batek”.
Etxarrikoen artean ikusmen urritasuna duen ikasle bat dago. Proiektua gauzatzeko bertako kirol bat aukeratu zuten, “denek parte hartu eta osasuntsua” izan behar zuen. Euskal pilota aukeratu zuten Yerai Agirre Nafarroako pilota txapelduna eta Jon Gorriti pilotaria gonbidatu zituzten. Denek pilotan aritzeko zituzten bi hipotesiak kontatu zizkieten: pilota kolore fosforitoz margotzea edo pilota barruan kaskabiloa sartzea. Bien bidez Zulaika pilotagilea ezagutu zuten. Harenean proba egin zuten kaskabiloaren ideiarekin. Baina pilotak hainbat kapa dituenez, ez zen entzuten. Azkenik, metalezko bola bat sartu zioten. “Botea egitean zarata egiten du. Hainbat kapa gehiago jarri genizkion pilota motelagoa izateko eta bote bakarrera beharrean bi edo hiru botera jolasten dugu”. Proiektu horrekin batera, robota programatu dute, hainbat kirol makina erabili ditzan.
Etxarri Aranazko eskolako taldea.
Ikasi
Estreinakoz parte hartuko dute etxarriarrek eta olaztiarrek ekimenean. Garabietak esan duenez, ikasleek “izugarri disfrutatu dute. Denbora gehiago eskertuko lukete. Gogotsu aritu dira”. Urdangarinek ere azpimarratu du “ikasleek pila bat ikasi” dutela, “matematika eta fisika kontzeptuak landu ditugu”. Garabietarendako jarduera “oso positiboa izan da. Jolas moduan curriculumeko gaiak landu ditugu. Talde lanean aritzen eta elkarri entzuten ikasi dute. Gauza positibo asko ditu”. Dagoeneko haien egitasmoen berri bideoan azalduta bidali dizkiete antolatzaileei.
Jardueraz
Ekimen hori gazteak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematiketara (STEM) modu dibertigarrian hurbiltzeko hezkuntza programa da. Parte hartzaileek proposatu zaien arazo bat gainditzeko ideiak garatu dituzte ikastetxeetan. Horretarako, teknologiaren erabileran pausoak eman dituzte. Programa honek ideia eta abilezia berrien garapena zenbait baloretan oinarritzen ditu, eta berrikuntzak, ideiak gizartean eragitea, inklusioa eta talde lana bultzatzen ditu, parte hartzaileen dibertimenduarekin batera. Besteak beste talde izpiritua eta zientzia eta teknologia proposamen berritzaileenak saritzen ditu urtero. Iruñeko Planetarioak, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitalerako Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak antolatzen dute jarduera, eta laguntzaileen artean Aldakin enpresa altsasuarra dago.
Formatu hibridoa
Aurtengoa hala izanen da. Taldeak Iruñean egonen dira, baina ekitaldia streaming bidez publikoari eskainiko diote webgunearen bidez 09:15etik aurrera.