Mendi lasterketak

Bost mendi lasterketa izanen dira Sakanan

Guaixe 2021ko ots. 18a, 11:02

Tritoiena izan zen iaz Sakanan jokatu zen mendi lasterketa bakarra.

Lakuntza-Aralar, Triku-Trail, Tritoiena, Mendira Joan Etorria eta Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala antolatuko dira

Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak 2021eko Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuitua eta Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketak aurkeztu ditu. Guztira 14 mendi lasterketa jaso dira bertan, tartean Sakanan antolatuko diren 5 proba. 

Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako 10 probek puntuatuko dute, tartean ekainaren 13an Zabalartek antolatuko duen XVII. Lakuntza-Aralar Mendi lasterketak, Karrikestuk ekainaren 27an antolatuko duen VII. Triku Trail mendi lasterketak, Dantzaleku Sakanak abuztuaren 29an antolatuko duen IV. Tritoiena mendi lasterketak eta Etxarri Aranazko Udaberrik urriaren 3an prestatuko duen XLV. Mendira Joan Etorriak. 

Horretaz gain, Aralar Mendi Taldeak irailaren 19an antolatuko duen XII. Uharte Arakil Beriain Kilometro Bertikala Nafarroako Kilometro Bertikalen Banakako eta Taldekako Txapelketa izanen da.