Pilota

Binakakoa: txanponaren bi aldeak

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 12a, 12:38

Martijak eta Jakak aitortu dute 2020 urteko tentsioak eta nekeak kalte egin diela eta "iazkoaren ondorioak sufritzen" ari direla.

Binakako Pilota Txapelketan Joseba Ezkurdia onena itzuli da, Jose Javier Zabaletak agintzen jarraitzen du eta Julen Martija burua altxatzera derrigortuta dago. Asteburuan 7. jardunaldia dago jokoan

Binakako Pilota Txapelketako azken jardunaldia borobila izan zen Joseba Ezkurdiarendako eta Jose Javier Zabaletarendako. Tamalez, Julen Martijak ezin izan zion jardunaldiari ginda jarri, eta zulotik ezin atera jarraitzen dute Etxeberriko atzelariak eta Erik Jakak. 

Binakako hasierako ligaxkako 6 jardunaldi jokatuta, sailkapeneko liderrak Elezkano eta Zabaleta dira (5 puntu), Altuna eta Mariezkurrena bigarrenekin puntutara berdinduta. Olaizola II.a-Rezustak 4 puntu dituzte, Peña II.a-Albisuk eta Ezkurdia-Galarzak hiruna puntu, Urrutikoetxea-Imazek 2 puntu eta Artola ordezkatzen duen Bengoetxeak eta Arangurenek eta Jakak eta Martijak puntu bana.

Joseba Ezkurdia itzuli da
Azken jardunaldiko pilotari onena izan zen Joseba Ezkurdia, Altunaren baimenarekin. Joseba Ezkurdiaren onenaz gozatzeko aukera izan zuten pilotazaleek, aurrelari arbizuarra eta Ladis Galarza ikusgarri aritu baitziren noren eta Olaizola II.aren eta Rezustaren kontra. Azken hauek ziren faborito nagusiak, baina Ezkurdiak eta Galarzak sorpresa ederra eman zuten eta faboritoak mendean hartu zituzten. Ladis Galarza segurtasun handiz aritu zen, Rezustaren pare, eta horrek Ezkurdiari lasaitasun handia eman zion. Horrela, aurreko koadroetan murgildu zen arbizuarra, jokoan gehiago sartu zen eta bere abiadurarekin min izugarria egin zion Olaizolari. Partidako jaun eta jabea izan zen Ezkurdia eta zikloi baten moduan, Olaizolaren gainetik pasa zen. 10 eta 22 irabazi zuten Ezkurdiak eta Ladisek, eta oso kontentu dago bikoa. “Ez dut uste Ladisekin batera jokatu izan dudan partidarik onena ostiralekoa izan zenik; duela bi urte Azpeitian Irribarriaren eta Zabaletaren kontra partida oso ona jokatu genuen. Baina aitortu beharra dago Olaizola eta Rezusta bezalako bi pilotari handiei irabazteak motibazio gehiago ematen dizula” azaldu zuen Ezkurdiak asteazkeneko material aukeraketan. 

Binakako hasierako ligaxkako 7. jardunaldian Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Urrutikoetxea eta Imaz izanen dituzte aurkari gaur, ostirala, Zierbenan (22:15, ETB1). “Partida zaila” izanen dela azaldu zuen Ezkurdiak, baina “txispa eta sentsazio onak berreskuratu” dituela aitortu zuen. “Ladis eta biok elkarrekin goaz entrenamenduetara, asko hitz egiten dugu. Batak bestea babestea garrantzitsua da. Nire ibilbidean momentu oso txarrak pasa izan ditut eta zure taldekidearen babesa izatea asko eskertzen da. Hiru garaipen lortu ditugu jarraian, baina kontziente izan behar dugu txapelketa hau oso luzea dela eta guztirako prestatuta egon beharko dugula” azaldu zuen. Laugarren puntua lortu nahi dute, baina hirugarrena nahi dute Urrutikoetxeak eta Imazek eta lehia estua aurreikusten da. 

Zabaleta, maisu
Larunbatean, Labastidan, garaipenaren bidea berreskuratu zuten Elezkano II.ak eta Zabaletak. Urrutikoetxea eta Imaz izan zituzten aurkari guztira 661 pilotakada gurutzatu ziren partida gogorrean. Hasieran Aspekoak aurreratu ziren, 5 eta 11, baina Baikokoek partidari buelta eman eta 16 eta 15 aurreratzea lortu zuten. Une horretan Elezkanok pauso bat eman zuen aurrera, partidaren ardura gainean hartu eta erasoan hasi zen, oldarkor. Zabaletaren babesarekin, garaipen ederra lortu zuten (16 eta 22). Orain arte Zabaletaz hitz egiten zen bakarrik, baina Elezkanok bere atzaparrak atera zituzten eta lider sendoak dira biak. Igandean, Logroñoko Adarragan, Olaizola II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari (17:00, ETB1). Sailkapenaren goian dauden bi bikoen arteko lehia bikaina espero da eta inork ez du ezer oparituko. 

Martijak eta Jakak buelta eman nahi diote
2021 urtea ez da ongi hasi Julen Martijarendako eta Erik Jakarendako. Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 6 partidetatik soilik bakarra irabazi dute. Astelehenean partida oso estua izan zuten Artola ordezkatzen duen Bengoetxearen eta Arangurenen kontra. Zulotik ateratzeko borroka gogorra izan zen Zeanurikoa, eta paretsu ibili ziren bi bikoak. Baina azken txanpan Oinatz Bengoetxeak burua hotz izan zuen, Jakaren eta Martijaren kontra 21era berdintzea lortu zuen, eta azken tanto erabakigarria sakez lortu zuen leitzarrak. 

Jaka eta Martija azkenak dira sailkapenean. Larunbatean Labriten jokatuko dute, Peña II.aren eta Albisuren kontra (17:15, ETB1). Partida zaila eta gogorra dute aurretik, baina Binakakotik kanpo ez geratzeko burua altxatu beharrean daude. Biek aitortu dute 2020 urteko tentsioak eta nekeak “kalte” egin diela eta “iazkoaren ondorioak sufritzen” ari direla. “Bi final jarraian jokatu ostean, gainezka nengoela ekin nion Binakakoari, eta Juleni ere antzekoa pasa zaio. Egoera okertzeko, bizkarreko minez hasi zuen txapelketa eta hirugarren partidan dezente izorratu zuen eskua” azaldu du Jakak. 

Goitik behera egin dute, baina egoera iraultzeko gogoz daudela azaldu du bikoak. Lan ona egiten ari dira, eta ongi jokatuz gero goraldia iritsiko zaiela uste dute. 

Binakako hasierako ligaxkako 7. jardunaldia bukatzeko, astelehenean, Idiazabalen, Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak Artola eta Aranguren izango dituzte aurkari (22:30, ETB1).