Futbola

Lagun Artea kategoria berria mustutzeko gogotsu

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 12a, 11:00

Igandean 1. Maila Autonomikoan debutatuko du Lagun Arteak. Lakuntzako Zelai Berrin Gares taldea hartuko du, 16:00etan. Aldiz, Etxarri Aranatz futbol taldeak aurten ez jokatzea erabaki du. Azkenik, Altsasu Erregional Mailako Txapelketan hasiko da 15 egun barru

Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak zehaztu bezala, asteburuan senior mailako aurkaritza kirolen kategoria autonomikoak hasiko dira. Futbolari dagokionez, asteburu honetan bi liga hasiko dira: 1. Maila Autonomikoa eta Preferente maila. Erregional maila, gazteen maila eta azpiko kategorien hasiera 15 egun atzeratzea erabaki du Kirol Institutuak. 

Jaitsierarik gabe
Liga hasteari begira, Asteartean Nafarroako Futbol Federazioak ez ohiko batzar orokor telematikoa egin zuen. Bertan erabaki zen denboraldi honetan, 2020/2021 denboraldian, kategoria guztietan ez dela jaitsierarik egongo. Halaber, aurtengo ligan ez direla ariko erabaki duten taldeei ez dietela inolako santziorik, zigorrik ez oharrik jarriko zehaztu zen. Horretaz gain, batzarrak erabaki zuen Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak erregional mailako, jubenilen mailako eta behe mailako kategorien ligen hasiera otsaileko azken asteburutik harago atzeratzen badu, hauek ez direla jokatuko.

Lagun Arteak Gares hartuko du igandean Zelai Berrin
Lakuntzako Lagun Artea taldeak preferente mailatik 1. Maila Autonomikora igotzea lortu zuen iaz. Pandemiak martxoan guztia geldiarazi zuenean Lagun Artea Preferente mailan bigarrena zen, Beti Casedano liderretik puntu batera, 1. Maila Autonomikora igotzeko postuetan sailkatuta. Pandemiak bere horretan jarraitzen zuenez, Nafarroako Futbol Federazioak erabaki zuen ez zela jaitsierarik egongo eta ez zela igoera faserik jokatuko, eta Preferente mailako 1. eta 2. multzoko sailkapenetan gorenean zeuden taldeak zuzenean igoko zirela 1. Maila Autonomikora. Horrela, Lagun Artea mailaz igo zen. Bi urtetan bi igoera segidan lortu zituen talde lakuntzarrak, aurreko denboraldian erregional mailatik preferentera igo zirelako. 

Lagun Arteak igandean mustuko du kategoria berria. Gares taldea izango du aurkari igandean, 16:00etan, Zelai Berrin. Liga hasteko gogotsu daudela azaldu du Lagun Arteako futbol koordinatzaile Asier Arregik. “Jokalariei proposatu genien ea jokatzeko prest zeuden ala ez, eta ez zuten zalantzarik izan. Baietz esan zuten eta aurrera. Urte guztia itxaroten egon eta gero, jokalariak liga hasteko gogoz daude, pozik. Kategoria berrian hasiko direnez, oso motibatuta daude. Gainera, federazioak aurten jaitsierarik egongo ez dela erabaki duenez, presiorik gabe jokatuko dute eta, egia esan, hasteko amorratzen gaude”. 

Asier Arregi: "Kategoria berrian hasiko direnez, Lagun Arteako jokalariak oso motibatuta daude"

Iazko talde ia bera izango du Lagun Arteak. Jesus Martin Davilak jarraituko du entrenatzaile, eta plantillan aldaketa gutxi daude. Egungo taldearekin eta harrobiarekin, jubenilekin jokatuko dute Maila Autonomikoan. Ildo honetan, Lagun Arteako jubenilen taldea kategoria berria mustutzeko irrikaz dagoela gaineratu du Asier Arregik. “Iaz jubenilen 2. mailatik 1. mailara igo zen Lagun Artea, baita Altsasuko jubenilen taldea ere. Aurten jubenilen talde oso polita dugu eta hemendik bi astera liga hasteko gogoz daude. Ea kadeteak eta gainontzekoak ere hasterik duten”. 
Igandean hasiko den ikuskizunerako prest daude Lakuntzan. 

Etxarri Aranatzek aurten ez jokatzea erabaki du
Aldiz, Etxarri Aranatz futbol taldeak 2020/2021 ligan ez jokatzea erabaki du. Aurreko urtean Preferente mailako jaitsiera postuetan zegoen Etxarri Aranatz martxoan pandemiak liga geldiarazi zuenean, baina federazioak jaitsierarik ez egotea erabaki zuenez, Preferente Mailari eutsi zion Etxarri Aranatzek. Asteburuan hasiko da Preferenteko 2020/2021 denboraldia eta Etxarri Aranatzek aurten ez duela jokatuko erabaki du. “Dagoen panoramarekin azkenean ez hastea erabaki zen” azaldu digute Etxarri Aranatz klubetik. 

Federazioak erabaki duenez aurten lehiatuko ez diren taldeek ez dutela penalizaziorik jasoko eta ez dela jaitsierarik egonen, Etxarri Aranatzek Preferente mailari eusten dio eta nahi izanez gero, 2020/2022 denboraldian maila berean jokatzeko aukera du. Aurten Etxarrik ez du jubenilen mailako talderik. 

Altsasu Erregionalean hasteko zain
Altsasu futbol taldeak Erregional Mailako 2020/2021 denboraldiari ekingo dio bi asteburu barru, azken orduko aldaketarik ezean. Data gertu izateak entrenatzeko gogo eta motibazio gehiago eman die. Halaber, Altsasuko jubenilen taldeak 1. mailako jubeniletako liga bi aste barru hasiko du.