Sakanako pentsiodunen mugimenduak ez du onartu Espainiako Kongresuak Toledoko Itunaren gomendioak onartzea eta Estatuko Gobernuari pentsiodunen eskaerak legez bermatzeko eskatu diote. Batetik, aipatu itunean jasotako murrizketak baztertzea. Eta, horrekin batera, 2010eko eta 2012ko lan-erreformak eta 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformetako alde atzerakoiak ere baztertzea. Pentsio duinen aldeko mugimenduko kideen iritziz, “hori posible izan daiteke 2021eko Estatuko aurrekontuak onartuko dituen gehiengoak borondate politikoa badu”. Horregatik aterako da bihar kalera.
Mugimenduko kideek gaztigatu dutenez, “gure borrokarekin agerian utzi ditugu Gizarte Segurantzaren bideragarritasunari buruzko gezur handiak: Gizarte Segurantza publikoa jasanezina dela, 2011ko, 2013ko murrizketak eta berriak behar direla edota pentsioak Kontsumo Prezioen Indizearekin balioa handitzeko ezintasuna”.
Toledoko Itunaren kontra
Pentsiodunen mugimenduak itun horren aldarrikapenen kontra egin du eta “erreforma berriei ateak ireki” dizkiela nabarmendu dute: “erretiro aurreratua zigortzea, pentsioa kalkulatzeko kotizazio-urtea luzatzea, diru publikoarekin sustatutako pentsio-plan pribatuak bultzatzea eta alarguntza-pentsioak eta gutxieneko pentsioak desnaturalizatu eta murriztea.
Pentsioen erreformen atzean dauden ideia neoliberalak salatu dituzte. Mugimenduko kideek argi dute “pentsioen bermea eta nahikotasuna lortzeko hiru neurri” hartu behar direla. Lehenik, “pentsioen kutxa jasaten ari den espoliazioarekin bukatzea. Horretarako, Estatuak bere egitea aurrekontuen bidez berari dagozkion hamarnaka mila milioiko gastuaz, eta hori ez kargatzea Gizarte Segurantzaren kontuan”. Bigarrenik, “diru-sarrerak enplegu gehiagorekin eta hobearekin bermatzea. Hau da, langileok gure lanarekin sortzen dugun aberastasuna ekitatez birbanatu”. Eta, azkenik, “Estatua sistemaren bermatzaile den neurrian, behar izanez gero, ekarpenak, transferentziak egin ditzala pentsio guztien nahikotasuna berma dadin”.
Mugimenduak haren eskaerak Espainiako Gobernuari eta Kongresuari, eta Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari zuzendu dizkio. Bestalde, sakandarrei, eta gizarte eta lan munduko erakundeei “pentsio sistema publiko bakarra defendatzeko gonbidapena” luzatu diete.