Dena prest Gozamenez film laburren lehiaketarako

Guaixe 2021ko ots. 15a, 14:02

Joan den urtean Mila Kolore elkarteko kideek aurkeztutako film laburreko irudi bat.

Hilaren 19ra arte eman daiteke izena lehiaketan; lanak aurkezteko epea apirilaren 26ra arte dago zabalik. Ondoren publikoaren saria aukeratzeko epea zabalduko da, apirilaren 28tik maiatzaren 5era. Sari banaketa maiatzaren 13rako iragarri dute.

Gozamenez film laburren lehiaketaren 8. edizioa da aurtengoa. Aurrekoetan bezala 12 eta 25 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Eta bere helburua da gazteek sormenaren bidez gozamenaren eta sexualitatearen inguruan hausnartzea. Lehiaketan balioa du gauzak ikuspuntu desberdinetatik ematea, ikuspegi positibo, integral, plural, integratzaile eta ireki batetik, eta erredukzionismotik urrunduta. Gainera, aniztasunaren, gozamenaren edo zentzumenen bidezko fantasien, ilusioen, eta abarren aldekoa izanik, pertsonen garapen globala bilatzea kontuan izanen du epaimahaiak.

Beraz, gazteek gehienez 10 minutu dituzte sexualitatearen inguruan duten ikuspegia eta bizipena kontatzeko, bere osotasunean eta gure bizitzako bost zentzumenek eskaintzen dizkiguten aukera guztiekin. Bi adin-kategoria daude 12 eta 17 urte bitartekoak eta 18 eta 25 urte artekoa. Sariak hiru izanen dira, maila bakoitzeko bana eta publikoarena. Guztiek 300na euroko poltsa dute. Lanak banaka edo taldeka aurkeztu daitezke, baina parte hartzaileko bi film labur gehienez. Inspirazioa nahi dutenek www.gozamenez.com webgunean opatuko dituzte aurreko edizioetara aurkeztutako ikus-entzunezkoak. Baita izena emateko bidea ere.