Sakanako Mankomunitateak kudeatzaile berria izanen du gaurtik aurrera

Guaixe 2021ko ots. 15a, 11:09

Sakanako Mankomunitatearen egoitza.

Iosune Telleriak hartuko du Itziar Iribarrenek azken lau urteotan izan duen ardura.

Sakanako Mankomunitatearen kudeatzaile lanpostuan aldaketa izanen da eta hura Iosune Telleriak beteko du gaurtik aurrera. Telleriak eskarmentu handia du kudeaketan eta ekonomia sustapen eta garapen alorretan: zuzenbidean lizentziatua da eta Enpresa Garapen eta Proiektuen Kudeaketako teknikaria izan da. David Oroz Mank-eko lehendakariak esan duenez, “Sakanan ditugun erronka nagusiei aurre egiten ari gara. Pandemia garaian erronka horiek are garrantzia handiagoa hartu dute, gainera. Gure lehentasunak dira sakandarrei ahalik eta babes handiena eta zerbitzurik onenak eskaintzea, eta hori da kudeatzaile berriak ere parean izanen duen erronka: handia eta polita, aldi berean”. 

Itziar Iribarren izan da azken lau urteotan Mank-eko kudeatzailea. Bere lan ibilbideak beste norabide bat hartuko du orain, berak hala erabakita. Esker oneko agertu da Oroz urteotan Sakanan egin duen lan guztiagatik: “gurekin egin duen lanean bere inplikazioa eta esfortzua eskertu nahiko nituzke Mankomunitate osoaren izenean. Egiten dugun lana kate bat da, eta lekukoa orain eskuz aldatuko da, baina gure helburuei eutsiko diegu aurrerantzean ere”.