Lur orotariko ikuskizunak

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko ots. 18a, 13:17
Zirika Zirkus Berrerabizi ikuskizunean. ARTXIBOA

Ia urte bat beranduago Zirika Zirkus konpainia lan berri bat prestatzen hasi da Etxarri Aranazko kultur etxean. Ekainean 'Berrerabizi' mustu zuten, eta hilaren 21ean, 17:30ean, 'Zinemaz blai' eginen du Irurtzungo kultur etxean

2020ko martxoaren 18an Zirika Zirkus Irañetako konpainiak Berrerabizi "animazioa" mustu behar zuen. "Animazioak egiten ditugunean antzerkia eta zirkua jolasekin nahasten ditugu, eta helburua jendea gai baten inguruan mugitzea da", azaldu du Ainhoa Juaniz konpainiako kideak. Baina bat-batean "munduan zerbait arraroa" gertatu zen eta mustutzea eta aurreikusitako emanaldi guztia bertan behera gelditu ziren. Hiru hilabete beranduago animazioa izanen zena ikuskizuna bihurtu behar izan zuten, "ezin zelako ukitu". Beraz, ikuskizuna bihurtzeko jolasak zeuden tokian zirku eta antzerki zenbakiak jarri zituzten: "Berrerabili edo genituen ideiak egin behar izan genituen". Ez zuten espero, baina "arrakastatsua" izaten ari da. "Adin guztietako jendeari gustatzen zaio, gainera. Kontzientzia handiagoa dela dirudi".

Ekainaren bukaeran, "ahal izan zenean", publikoaren aurrera itzuli ziren, eta urtarrilera arte lanean egon dira. Irañetan, herrian, mustu zuten ikuskizun berria. Ordutik, "ez gara gelditu, eta egia da pixka bat denetarik egon dela". Udan Pantxika Lamur Juanizek interpretatzen duen pertsonaiak Gozamenez programaren uraren festa ordezkatu zuen, eta mustu berri zuten Berrerabizi ez ezik, aurretik egindako ikuskizunak egin dituzte ere: Ondorengoak, Txaplintruk, Tren Geltokia… Otsailaren 21ean, 17:30ean, Zinemaz blai ikuskizuna eskainiko dute Irurtzungo kultur etxean, aste honetan Noainen egonen dira eta aurrerago Lodosan. "Lan pila bat egin dugu, eta jarraitzea espero dugu".

Zirika Zirkusen lanek gai sozialak lantzen dituzte. Haien izateko moduagatik "subliminalki" mezuak helarazten dituzte. Zinemaz Blairen kasuan zinemaren historiaren kontakizuna egiten dute, eta hain ezagunak eta atzean gelditzen diren lanak erakusten dituzte. Gainera, pertsonaien bidez sentimenduak eta nortasunak erakusten dituzte ere. Luis Lainez, Maribel Martinez eta Ainhoa Juaniz ziren aktoreak, baina orain Martinezen ordez Amaia Leoz ariko da ikuskizunean.

Pandemia
"Guk sortzen ditugun ikuskizunak edonork egin ahal izateko dira. Aldatzen dena da gure jarrera eta gure energia lekuaren arabera. Baina ikuskizuna berdina da". Lur orotariko ikuskizunak direla esan du Juanizek, beraz, pandemia egoera honetan eta neurri guztiak beteta, egokitzeko "zorte hori" dute. "Egia da ez dela berdin akustika txar bat duen frontoi batean egitea edo kalean egitea, baina egokitzen gara". Ikuskizuna horretarako prest dago. "Kalean egitea gustatzen zaigu, baina Euskal Herrian gaudenez…".

Agertokira itzuli zirenean jendeak "gogo handia" duela sumatu zutela esan du. "Egia da haiekin komunikatzea zailagoa dela, baina ikasten ari gara". Hasieran "arraroago eta gogorrago" egiten zen, baina jendearen aldetik "zoragarria" izan dela aipatu du. "Ohitu behar izan gara. Artista bakoitza desberdina da, eta niretako oso garrantzitsua da kontaktu bisuala". Prestatzen ari diren ikuskizun berrian laugarren horma planteatu dute, eta Juanizek "gaizki pasatzen" ari dela aitortu du: "Nola egongo naiz hainbeste denbora jendea begiratu gabe". Egoera berrira, beraz, ohitu behar izan dute ere. "Gero eta normalagoa da, hala ere, normala ez da". Begiekin asko esan daitekela azaldu du, baina maskara ez ezik, jendearen arteko distantzia ere nabaritzen da: "beraien artean berotzen dira, eta urrun daudenean, ez da gauza bera". Haien publikoarekin "inoiz baino" eskertuago daude.

Erresidentzia
Duela urte bateko martxoan, Berrerabili mustu ondoren, ikuskizun berria prestatzeko lanetan hasi behar ziren. "Eta, orain, urte bat beranduago hasi gara ikuskizun berria sortzen". Hemendik aurrera deituko da, eta euskal ijitu troup bati buruz hitz egingo du. "Beti bezala antzerki zirku bat izanen da, eta espero dezagun dibertigarria izatea". Duela 500 urte Errumaniatik eta Indiatik etorritako ijitoen istorioa kontatuko du ikuskizunak. "Errespetu handiarekin eta txapa handirik sartu gabe irudikatu nahi dugu". Informazioa eta datuak modu dibertigarrian eta zirkuaren bidez landu nahi dituzte.

Ikuskizun berria lantzeko erresidentzia Etxarri Aranazko kultur etxean egiten ari dira. Gabonetako oporren ondoren hasi dira, eta lehenengo zertzeladak eman dituzte. "Eskerrak eman nahi dizkiogu Etxarri Aranazko herriari aukera hau emateagatik". Ikuskizuna prest dagoenean, kultur etxe horretan mustuko dute.