Pilota

Zabaletak Logroñon ere ongi jokatzen badakiela erakutsi zuen atzo

Guaixe 2021ko ots. 15a, 11:40

Elezkanok eta Zabaletak 18 eta 22 irabazi zieten Olaizolari eta Rezustari Adarragan jokatutako partida gogorrean. Ezkurdiak eta Galarzak Urrutikoetxearen eta Imazen kontra  galdu egin zuten (22 eta 12) eta Jakak eta Martijak burua altxa ezinda jarraitzen dute Peña II.aren eta Albisuren kontra galdu eta gero (15 eta 22)

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako 7. jardunaldia gaur despedituko da Altunak eta Mariezkurrenak Bengoetxea VI.aren eta Arangurenen kontra Idiazabalen gauean jokatuko duten partidarekin (22:30ean, ETB1). Gainontzeko hiru jardunaldietan sakandarrek egindakoa kontuan hartuta, gazitik gehiago izan du jardunaldi honek gozotik baino. 

Ezkurdiak behera egin zuen
Ostiralean Urrutikoetxearen eta Imazen kontra 22 eta 12 galdu zuten Ezkurdiak eta Galarzak. Hasieran bi bikoak parez pare ibili ziren, baina partidaren bigarren tartean Aspeko bikoak behera egin zuen nabarmen eta hutsa hutsaren atzetik pilatzen hasi ziren. Horrela, Urrutikoetxeak eta Imazek aurrea hartu eta zuzenean joan ziren 22raino. Gertatutakoa ahaztu, eta burua datorren jardunaldian jarri beharko dutela aipatu zuen Ezkurdiak. 

Albisu Martijari gailendu zitzaion
Larunbatean Jakak eta Martijak Labriten jokatu zuten Peña II.aren eta Albisuren kontra. Egoerari buelta emateko prest zeudela azaldu zuten Jakak eta Martijak, baina ez ziren gai izan eta zuloan jarraitzen dute. Parez pare hasi ziren bi bikoak, tanto luze eta gorretan. Lehia oso estua zen, lau pilotariei neke handia ekarri ziena. Baina 13ko berdinketaren ondoren aldea ateratzen hasi ziren Peña II.a eta Albisu. Atzeko koadroetan Albisu Martijari gailendu zitzaion, eta Jakaren beheraldia aprobetxatuz, 9 tantoko takadari esker 15 eta 22 gailendu ziren Baikokoak. 

Zabaleta, Adarragan egindako partidarekin pozik
Aldiz, atzo Jose Javier Zabaleta eta Danel Elezkano ikusgarri aritu ziren Olaizolaren eta Rezustaren kontra. Partida oso lehiatua eta gogorra izan zen, eta lau pilotariek ongi jokatu zuten. Beste behin, izugarriak izan ziren Zabaletak jo zituen eskuinkadak. Rezusta ere bikain aritu zen, asko eman zion, baina Etxarrengoa puntu bat gorago ibili zen. 554 pilotakada gurutzatu ziren partidan, azkenean 18 eta 22 irabazi zuten Elezkanok eta Zabaletak, euren 6. puntua lortuaz.

Adarragan ez duela partida onik jokatu esan izan du behin eta berriz Zabaletak, baina atzokoaren ondotik ezin du jada hori esan. “Eskuinarekin aukera izan dudanean saiatu izan naiz ahalik eta gehien astintzen, pilota txisparekin ateratzen zitzaidan eta sentsazioak onak izan dira. Egindako partidarekin oso pozik gaude” aitortu zuen. 

Gauzak horrela, Elezkano eta Zabaletak jarraitzen dute sailkapeneko lider (6 puntu). Ezkurdia eta Ladis Galarza seigarrenak dira, 3 punturekin, eta Jaka eta Martija zortzigarrenak eta azkenak, puntu bakarrarekin.