Txirrindularitza

Jorge Azanzaren Euskaltel Euskadik eta Rural Kutxa-Seguros RGA-k Vueltarako gonbidapena jaso dute

Guaixe 2021ko ots. 16a, 14:49

Pablo Urtasunen Kern Pharmak ez du gonbidapenik jaso

Espainiako Vueltak 2021eko ediziorako zein talde gonbidatu dituen jakinarazi du gaur. UCI World Team mailako 19 taldeez gain, 4 taldek lortu dute bertan aritzea, UCI Pro Team mailako 2020ko talde liderra, Alpecin-Fenix talde alemaniarra, eta hiru talde gonbidatuk, Burgos-BH, Josu Etxeberria txirrindulari iturmendiarraren Rural Kutxa-Seguros RGA taldea eta Jorge Azanza altsasuarrak zuzentzen duen Euskaltel Euskadi taldeak. Tamalez, Pablo Urtasun zuzendari duen Kern Pharma taldea gonbidapenik gabe geratu da. 

Jorge Azanzak Twitterren azaldu duenez, “ilusionatuta dagoela esatea, gutxi da”. Gogoratu du Euskaltel taldean txirrindularia zela Euskaltelen azkeneko Vueltan parte hartu zuela, eta Euskaltel Vueltara itzuli den honetan ere bertan egongo dela, kasu honetan zuzendari gisa. “Egi bihurtutako ametsa” dela nabarmendu du zuzendari altsasuarrak, eta hau guztia gauzatu dutenei eskerrik beroenak eman dizkie.