Txirrindularitza

Gorka Izagirre, Provenceko Tourretik Itsasoko Alpeetako Tourrera

Guaixe 2021ko ots. 18a, 15:00
Gorka Izagirre, Provenceko Tourrean. Argazkia: Astana.

Ostiraletik igandera jokatuko den Tour des Alpes Maritimes et Du Var proban ariko da, Fuglsang liderraren alboan

Ziordian bizi den Gorka Izagirre (Astana) txirrindulariak aurreko astean ekin zion 2021eko denboraldiari, Provenceko Tourrean. Frantzian jarraitzen du Izagirrek, bihar, ostiralean, Tour des Alpes Maritimes et Du Var lasterketari –aurreko Tour Haut-Var– ekingo baitio. Ostiralean hasi eta igandean despedituko da Itsasoko Alpeak eta Du Var gurutzatzen dituen proba ikusgarria. Gorka Izagirrek Jakob Fuglsang liderrarendako egingo du lan. Nairo Quintana (Arkea) izan zen aurreko urteko garailea eta kolonbiarra titulua berritzen saiatuko da. Geraint Thomas (Ineos) beste faborito bat da. 

Aipatzekoa da ere Juan Pablo Urtasunek zuzentzen duen Kern Pharma taldeak Alpes Maritimes et Du Var proban ariko dela.