Kiroldegia

Kattalingune zerbitzua aurkeztuko diete Sakanako kirol entrenatzaileei

Guaixe 2021ko ots. 18a, 15:30
Kirol monitoreak, 2019ko futbol campuseko ikasleei azalpenak ematen. Kattalingune zerbitzua kirol eragile guztiei aurkeztuko diete ostegunean Lakuntzan.

Lakuntzako Udaleko Batzar Gelan izanen da, otsailaren 25ean, ostegunarekin, 16:00etan. Aurretik izena eman behar da

Kattalingune Nafarroako Gobernuaren LGTBI+ (Lesbiana, Gay, Transexual, Bixesual, Intersexual eta +, pluraltasuna azaltzeko) informazio eta arretarako zerbitzu publikoa da, sexologian eta generoan espezializatutako langileek artatua. Iruñean eta Tuteran egoitzak zabaldu ondoren, ikasturte honetan Sakanan ere presente dago, eta Sakanan eskura dugun zerbitzu hori ezagutarazi nahi du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak. 

Otsailaren 22a baino lehen eman behar da izena
“Otsailaren 19a LGTBI+ fobiaren kontrako eguna da kirol arloan, eta egun horri keinu eginez, Sakanan lanean hasi berri den Kattalingune LGTBI+ harrera bulegoa Sakanako kirol eragile guztiei aurkeztu nahi diegu” azaldu dute Kirol Zerbitzutik. Aurkezpena Lakuntzako udaletxeko Batzar Gelan eginen da, otsailaren 25ean, osteguna, 16:00etatik aurrera, eta ekitaldia Sakanako kirol entrenatzaile, arbitro, epaile, kirolari eta kirolarekin zerikusia duten pertsona guztiei zuzendua dago. Segurtasun neurriak jarraituz, tokia mugatua da eta aldez aurretik izena eman behar da Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 468 866, kirolak@sakana-mank.eus), otsailaren 22a baino lehen. 

Aurkezpenean parte hartzera animatu dituzte kirol eragile guztiak. “Sexu eta genero aniztasunari buruz solastuko gara, orientazioaz eta identitateaz eta horretaz gain, kirolean LGTBI+ errealitatea zein den elkarbanatzeko aukera izango dugu” gaineratu dute Kirol Zerbitzutik. Halaber, aurkezpenera doazen kirol eragile guztiek ortzadarraren koloretako lokarriak jasoko dituzte opari. 

Kattalingune Sakanan

Ostegunero, 11:00etatik 19:00etara, Irurtzungo kultur etxean eta Lakuntzako udaletxean, astero txandakatuz. Harremanetarako: iparmendebaldea@kattalingune.org e-posta edo 678 266 865 telefonoa.