Pilota

Zabaleta, Binakako lehen itzuliko onena

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 19a, 12:00
Zabaletak, Elezkanok, Ezkurdiak eta Ladisek atzo aukeratu zuten materiala, Eibarren. Materialarekin ez zuten kexurik izan eta hitz ederrak izan zituzten arerioendako. Argazkia: Aspe.

Binakako hasierako ligaxkako lehen itzulia jokatuta, Etxarrengo atzelaria izar dirdiratsuena izan dela ezin daiteke uka. Asteburuan Elezkano eta Zabaleta liderrek Ezkurdia eta Ladis Galarza izango dituzte aurkari eta Jakak eta Martijak Altuna eta Mariezkurrena


Binakako hasierako ligaxkako 7. jardunaldia jokatu zen asteburuan, ligaxkako lehen itzulia, hain zuzen ere. Egun, ligaxkako sailkapenean Elezkanok eta Zabaletak jarraitzen dute lider (6 puntu) eta Altuna eta Mariezkurrena bigarrenak dira, puntutara berdinduta. Olaizola-Rezustak eta Peña II.a-Albisuk launa puntu dituzte, Urrutikoetxea-Imazek eta Ezkurdia-Galarzak hiruna puntu, eta Artola-Arangurenek eta Jaka-Martijak puntu bana. 

Zabaleta, bere sasoirik onenean
Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako lehen itzulia jokatuta, lehen itzuliko protagonista nagusia Jose Javier Zabaleta izan da, argi eta garbi. Etxarrengo atzelaria ikusgarri dabil, partida guztietan maisuki jokatuz eta erakustaldiak bata bestearen atzetik eginez. Zabaleta profesionaletako bere sasoirik onenean dagoela esan daiteke. Zabaletak jokoa kontrolatzen du, pilota oso gutxi galtzen ditu eta ez da ia partidatik ateratzen. Aspeko kirol teknikari Jokin Etxanizek Berrian azaldu zuenez, “izango ditu egun argiagoak edo ilunagoak, baina uste dut historiako atzelaririk onenetako bat daukagula begien aurrean”. 

Aurreko igandean, Logroñon, harritzeko moduko agintea erakutsi zuen Zabaletak. Etxarrengo atzelariak eta Elezkanok Olaizola eta Rezusta izan zituzten aurkari tentsio handiko partidan. Zabaletari pilota eskutik zein erraz ateratzen zitzaion ikustea txundigarria izan zen. Izugarriak izan ziren jo zituen eskuinkadak. Rezustak ere asko eman zion, baina Etxarrengoa puntu bat gorago ibili zen. Adarragan ez duela partida onik jokatu esan izan du Zabaletak, baina igandekoaren ondotik jada ezin du hori esan. “Aukera izan dudanean eskuinarekin ahalik eta gehien astintzen saiatu naiz, pilota txisparekin ateratzen zitzaidan eta sentsazioak onak izan dira. Egindako partidarekin oso pozik gaude” aitortu zuen etxarrendarrak. 18 eta 22 irabazi zieten Olaizolari eta Rezustari. 

Elezkano ere behetik gora egiten ari da. Zabaletaren nagusitasunaren aurrean, bigarren maila batean zegoen orain arte, baina bere izaera oldarkorra eta ohiko jarrera atera du. Zalantzarik gabe, Binakako Txapelketako bikote faboritoena osatzen dute liderrek. Igandean, Eibarko katedralean, Ezkurdia eta Ladis Galarza izanen dituzte aurkari (17:00, ETB1). Sakandarren arteko lehia polita izango da Astelenakoa. 

Ezkurdia, jokoa berreskuratzera
Ezkurdia eta Ladis Galarzak aurreko ostiralean 22 eta 12 galdu zuten Urrutikoetxearen eta Imazen kontra. Hasieran bi bikoak parez pare ibili ziren, baina partidaren bigarren tartean Aspeko bikoak behera egin zuen eta hutsa hutsaren atzetik pilatzen hasi ziren. Gertatutakoa ahaztu, eta igandean liderren kontra duten partida zailean dute burua. Bere jokoa berreskuratzea, hori da Ezkurdiaren eta Ladis Galarzaren helburua, horrela izango dutelako partidak aurrera ateratzeko aukera. Ladis Galarzak behetik gora egin du txapelketan, eta beharrezkoa izango du une honetan onena den Zabaletari aurre egiteko. Ea katedralak nor goratzen duen. 

Martijak eta Jakak bigarren itzulian lan hobea egiteko esperantza dute
Julen Martijak eta Erik Jakak burua altxatu gabe jarraitzen dute. Aurreko larunbatean 15 eta 22 irabazi zieten Peña II.ak eta Albisuk Labriten. Parez pare hasi ziren bi bikoak, tanto luze eta gogorretan. Lehia oso estua zen, lau pilotariei neke handia ekarri ziena, baina 13ko berdinketaren ondoren aldea ateratzen hasi ziren Peña II.a eta Albisu. Albisu Martijari gailendu zitzaion atzeko koadroetan, eta Jakak ere beheraldia izan zuen. Gaur, Urdulizen, Altuna III.a eta Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari (22:15, ETB1), eta euren jokoa berreskuratzea eta maila ona ematea, hori da Jakaren eta Martijaren nahia. Bigarren itzulian lan hobea egiteko esperantza dute, eta zulotik atera nahi dute. Partida oso zaila dute aurretik, baina gogor saiatuko dira. 

Binakako hasierako ligaxkako 8. jardunaldia ixten duten beste bi partidetan, larunbatean, Bilbon, Olaizola II.ak eta Rezustak Artola eta Aranguren izanen dituzte aurkari (17:15, ETB1), eta astelehenean, Ataunen, Peña II.ak eta Albisuk Urrutikoetxearen eta Imazen kontra jokatuko dute.