Herri kirolak

Goizeder Beltza eta Jon Irañeta lanera

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 19a, 11:00

Aizkolari etxarriarrak Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finalerdian jokatuko du, eta harri jasotzaile egiarretarrak Urrezko Harri Jasotze Txapelketako finalerdian

Egur Sportek antolatutako Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako bigarren finalerdia hartuko du Leitzako Amazabal pilotalekuak igandean, otsailak 21, 12:00etatik aurrera. Baita Urrezko Harri Jasotze Txapelketa-Zortzi Arroako Hiru Harri Txapelketako bigarren finalerdia. Lehenengoan Goizeder Beltza aizkolari etxarriarra ariko da, Hodei Ezpeletarekin bikotea osatuta. Eta bigarrenean Jon Irañeta harri jasotzaile egiarretarra. Osasun neurriengatik, gehienez ere 150 ikuslek jarraitu ahalko dituzte aipatu txapelketak. Bestela, ETB1 telebista katean jarraitu ahalko dira txapelketak, igandean 16:00etatik aurrera. 

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan 9 bikote lehiatzen ari dira. Bi sakandar daude: Goizeder Beltza etxarriarra, Hodei Ezpeletarekin bikotea osatuta, eta Iban Resano dorrobarra, Juan Jose Lopez Azpilikueta lezaundarrarekin lehiatzen ari dena. Hasierako jardunaldien ondoren, finalerdien txanda heldu da. Lehen finalerdia aurreko larunbatean jokatu zen, Beasainen, eta Ibai Soroa eta Txomin Amundarain sailkatu ziren martxoaren 14an Azpeitiako Izarraitzen jokatuko den final handirako. Bigarren finalista igandeko Leitzako finalerditik aterako da. Hiru biko ariko dira lehian –Goizeder Beltza-Hodei Ezpeleta, Joxean Etxeberria-Unai Otaegi eta Luis Polanco-Jon Telletxea–, eta lanak azkarren egiten dituen bikoa sailkatuko da finalerako. Hirugarren bikotea otsailaren 27an Mallabian jokatuko den finalerditik aterako da. Bertan lehiatuko dira Iban Resano eta Juanjo Lopez Azpilikueta. 

Leitzako igandeko finalerdian ariko diren hiru bikoek ondoko lana egin beharko dute: erlojuaren kontra 45 ontzakoa erdibitu; abiadura lana, enbor handia erdibitu, txanda librean; eta azken lana, 60 ontzako 6 enbor erdibitu, txanda librean. Ea Beltzak eta Ezpeletak Azpeitiako finalean egoteko txartela ateratzen duten. 

Irañetaren aukera
Urrezko Harri Jasotze Txapelketa-Zortzi Arroako Hiru Harri Txapelketan, aldiz, 10 harri jasotzaile ari dira lanean, tartean Sakanako Harri Jasotze Eskolan trebatzen den Jon Irañeta. Egiarretarrak urte zahar gauean Urrezko Binakako Harri Jasotze Txapelketa irabazi zuen Urdax Magunazelaiarekin, eta orain Banakakoa lortu nahiko luke. Aurreko astean jokatutako lehen finalerdian Beñat Telleriak lortu zuen finalerako txartela (83 jasoaldi guztira), eta igandean aterako da bigarren finalista, Leitzatik. Irañetarekin batera, Inhar Urruzuno eta Iñigo Eizagirre “Eiza” ariko dira lanean. 100 kiloko koparekin, 100 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin bi minutu eta erdiko saioa egin beharko dute. Ea Jon Leitzan gustura dabilen, lan txukuna egin eta Azpeitiko finalean egoterik duen. Hirugarren finalista datorren asteko Mallabiako finalerditik aterako da.